Larreaundi Olaberria jaietan murgilduko da
Asteburu honetan, maiatzaren 1etik 3ra bitarte, Larreaundi Olaberriako jaiak izango dira eta auzoa girotzeko hainbat jarduera antolatuko dituzte.
Sanmartzialetarako hilabete pasatxo gelditzen den arren, Larreaundi Olaberriako auzoa jaietan murgilduko dira asteburu honetan. Maiatzaren 1etik 3ra bitarte, auzoan jarduera ugari izango dira: jolasak, musika, gastronomia… Denetarik gozatzeko aukera izango dute auzotarrek. Hiriko auzoko jaiei hasiera emango diote Larreaundi Olaberriako jaiek ostiralean, 12:30ean. Musika bandak kontzertua eskainiko du, eta emanaldia amaitzean, pintxoak eskainiko dituzte. Arratsaldean, berriz, haur jolasak, buruhandiak eta txistorrada izango dira, 17:00etan hasita. Jaien lehenengo egunari amaiera emateko, 20:00etan, Remember taldeak kontzertua eskainiko du.
Larunbatean, berriz, etxeko txikienen txanda izango da. Gaztetxoenek gogoz hasiko dute jaien bigarren eguna, 12:00etan hasita, lehenengo kross txikia egingo dute auzoan zehar. Ondoren, indarrak hartzeko herri bazkaria egingo dute 14:00etan, gazte zein helduentzat. Tiketak auzoko tabernetan eros daitezke, 5 euroan. 16:00 gazteentzako bingo mussikatua antolatuko dute San Jose Obrero futbol zelaiko aparkalekuan, eta 17:30ean, Bidasoako Erraldoiek auzoa musikaz eta dantzaz beteko dute. 20:00etan, Dj Bull-en txanda helduko da eta gaueko ordu txikiak arte izango da auzoa girotzen.
Igandean, goizean goiz mendi irteera antolatu dute. 09:00etan hasi eta auzo ingurutik ibiliko dira auzotarrak. 12:00etan, patata tortilla lehiaketa antolatuko dute. Izen emateak 606 70 20 34 telefonoan egin beharko dute. 13:00etan bermuta kantuz egingo dute, eta bazkaldu ondoren, 17:00etan buruhandiek aurtengo jaiei amaiera emango diote.


No hay comentarios:
Publicar un comentario