miércoles, 22 de abril de 2026

Txinzerrek dio zuzendaritzak negoziazio prozesurako prestasun osoa duela

Noticia publicada en Bidasoko HITZA, el miércoles día 22 de Abril de 2026.

Txinzerrek dio zuzendaritzak negoziazio prozesurako prestasun osoa duela

Txinzerreko langileak 100 egun baino gehiago daramatzate greba mugagabean, eta orain, zuzendaritzak adierazi du gutxieneko zerbitzuak bermatuak daudela, eta lasaitasuna eskatu die herritarrei.

Txingudiko Zerbitzuak erakunde publikoak bere langileak egiten ari diren greba mugagabeari buruz adierazi dira, Hondarribiko eta Irungo herritarrei lasaitasun mezu bat helarazi nahi izanez. Grebaren egoeraren berri eman nahi izan du Txinzerrek, eta adierazi dute akordio bat lortzeko negoziazioa zabalik mantentzen dutela. 

100 egun bete ditu Txinzerreko langileen grebak apirilean. Soldata igoera bat eskatzen dute, argudiatuz bizitza kostua igo egin dela, besteak beste, eta haien soldatak berdin jarraitzen duela. Esan izan dute zuzendaritzak ez duela prestasunik negoziazioan aurrera egiteko, eta horrek horrela jarraituko balu grebarekin jarraituko dutela.

Txinzerrek esan du Irungo eta Hondarribiko ur horniduraren, hondakinen kudeaketaren eta kale garbiketaren zerbitzuak ematen jarraitzen duela. “Hala ere, barkamena eskatzen dugu une jakin batzuetan ohiko zerbitzu mailara iristen ez bada”, gehitu du erakundeak. Aurreakordio bat lortzeko borondatea badutela dio Txinzerek, eta horretarako haien ahaleginak bideratzen ari direla. “Horretarako, Zuzendaritzak otsailean bilera dinamika egituratu bat abiatu zuen, negoziazioaren bloke desberdinak modu ordenatuan jorratzeko, aurreakordiorantz aurrera egiteko helburuarekin”.

Adierazi dute hainbat tresna baliatu dituztela negoziazioan aurrera egitea errazteko, besteak beste PRECOren (Euskadiko Lan Harreman Kontseiluaren) bitartekaritza. Irtenbide horrek ez zuen aurrera egin. “Sektore publikoko erakundea den heinean, Txingudiko Zerbitzuak-ek estatu-mailako araudiak ordainsarien arloan ezartzen dituen mugen menpe jarduten du”. Iragarri dute horren ondorioz lortu daitezkeen akordioak baldintzatuta daude. 

Bi aldeen arteko desoreka

“Era berean, erakundeak gogorarazi nahi du, sektore publikoaren parte den aldetik, baliabideak arduraz kudeatzeko betebeharra duela. Horrenbestez, proposamenek jasangarritasun ekonomikoaren esparruan kokatu behar dute, egun herritarrek tasen eta zergen bidez egiten duten ahalegin ekonomikoa oinarri hartuta”.

2024ko abenduaren 31n amaitu zen 2021ean langileen gehiengoak onartutako hitzarmen kolektiboa. Harrezkeroztik, negoziaketan jardun dute. Iaz, zuzendaritzak %2,85eko soldata igoera proposatu zuen, eta beste aletik, ordezkari sindikalek igoera handiagoa proposatu zuten, lanaldi orduen murrizketarekin batera. Txinzerrek esan duenez, desoreka handia zegoen bi aldeen artean, eta beraz, negoziazioak aurrera jarraitu behar izan du.

Azkenik, martxoko fakturazioaren inguruko gora beheren berri eman du erakundeak. Herritar batzuen fakturetan ez dira uraren eta hondakinen erabilera agertzen, soilik kuota finkoak. Adierazi dute faktura berri bat igorriko dutela, inongo gainkosturik gabe. Posta elektronikoz edo posta arruntaz bidaliko dute.

No hay comentarios: