miércoles, 8 de julio de 2026

18. urtez, Nagore Laffage gogoan

Noticia publicada en Bidasoko HITZA, el miércoles día 8 de Julio de 2026.

18. urtez, Nagore Laffage gogoan

Urtero legez, Nagore Laffage oroitzeko ekitaldia egin dute Istillaga plazan, eta bertan Asun Casasola izan da ehun bat lagunekin batera.

Uztailaren 7a, San Fermin Eguna. Irunen oroimenerako eguna izan zen atzokoa, Nagore Laffageren oroimenekoa. 18 urte pasa dira Jose Diego Yllanesek irundarra Iruñeko San Ferminetan hil zuenetik. Oraindik ere bere oroimena presente mantentzen dute irundarrek. Beste urte batez, herritar ugari bildu dira Emakumeen Etxearen kanpoaldean, Istillaga plazan. Aurten ere, bertan izan da Asun Casasola Nagore Laffageren ama, eta harekin batera senideak eta Irungo udalbatzako kideak izan dira, Cristina Laborda buru zelarik. 

“Nagore Laffage omentzeko eta bere ama, Asun Casasola, aitortzeko eta babesteko elkartu. gara gaur. 18 urte igaro dira Nagore gure artean ez dagoenetik, baina Irunek ez du ahazten”, horrela hasi dute ekitaldia. Nagoreren memoria oso presente dirau Irunen, eta hala adierazi dute bertaratutakoek ekitaldian zehar. Oroimenerako ekitaldia izan bada ere, Asun Casasolak urteotan egindako lana aitortu nahi izan dute: “Ezinezkoa da gertatutakoa ahaztea eta enpatiarik ez edukitzea”. Nagoreren oroimena mugarria izan behar dela gizarte justuagoa eta berdinzaleagoa lortzeko adierazi zuten. 

Hitza hartzen lehena Cristina Laborda alkatea izan da: “Urtero gero eta gehiago gara Nagoreren omenez hemen elkartzen garenak, eta benetan oso pozgarria eta hunkigarria da plaza hala ikustea”. Era berean, alkateak gogorarazi du 2008ko uztailaren 7tik irundar bat gutxiago dela Irunen. “Egunero akordatzen gara, oroipena eta memoria oso presente egoten jarraitzen dute 18 urteren ondoren”. Alkateak irundarrei gogorarazi nahi izan die Irunen bere izena duen parke bat ere dagoela.

“Nagore Laffageren memoria zaintzea, ez da bakarrik pertsona baten memoria zaintzea; emakume guztien memoria zaintzea da, hiri oso batena”. Irungoa ez da omenaldi bakarra izan, hilaren 1ean omenaldia egin zioten Iruñeko Geltoki aretoan Astelehen Lilak elkarteko kideek. “Asun 18 urte hauetan barruan duzun mina, gizarte aske batean lan egiteko konpromisoan bilakatu duzu, duintasunez eta umiltasunez”, zuzendu zaio. 

Ekitaldiarekin jarraituta, Asun Casasola ipuin lehiaketaren irakurketa dramatizatuta egin dute Patxi Perezek zuzenduta. “Abisatu heltzean, esan zenidan gau hartan. Auzoa segurua zen, gaua argia zen”, hasi dute irakurketa. Aurtengoa hamaikagarren edizioa izan da, eta gainera, aurtengo parte hartzaileen gehiengoa emakumeak izan dira. 

Irakurketa euskaraz eta gaztelaniaz egin dute. Hona hemen irakurketako pasarte batzuk hitzez hitz: “Nik bi aita diitut, inork gutxik daki nik bi aita ditudala. Etxetik kanpokoek ez bederenn, horiek aita bakarra dudala uste dute. Oker daude. Aita bat eguzkiaren antzekoa da, bertzea ekaitza izugarriaren gisakoa. Niri bigarrena ez zait gustatzen, eldurra ematen dit. Aita eguzkiarekin nagoenean pozik eta handia sentitzen naiz. Bere sorbaldetan jarrita eramaten nauenean, erraldoia sentitzen naiz. Aita ekaitza datorrenean, ordea, txikia eta ez deusa sentitzen naiz. Begiak itxi, ohe azpian sartu eta ekaitza baretu bitartean egoten naiz. Inoiz ez dut jakiten aita ekaitza noiz etorriko den, adi adi egoten naiz”.

Irakurketa dramatizatua amaituta, Rozalen abeslariaren Ate Moreak abestu zuen Irungo Abesbatza Feministak, euskaraz eta gaztelaniaz. Ekitaldiaren amaieran Asun Casasola mikrofonoa hartu eta plazan zeudenak hunkitu ziren. Oso eskertuta agertu zen jendaurrean, jakinda irundarrek ez dutela inoiz hutsik egiten. “Zuek aurrera egiteko indarra ematen didazue, eta lanean jarraituko dut indarkeria matxistaren arrastoak deuseztatzeko. Animatzen zaituztet gurekin batera egoteagatik”. Eskerrak eman dizkie Emkumeen Etxea elkarteak egiten duen lan izugarriarengatik, baita irundar oro urtero hitzordu honetara etortzeagatik. “Mila mila esker, asko maite zaituztet”, bukatu du Casasolak. Txalo zaparrada izugarriarekin amaiera eman diote ekitaldiari. 

Jarraian, HITZAk ekitaldian ateratako argazkiak:

 

No hay comentarios: