Jaime Rodriguez Salis beka aurkeztu dute
Arkeologo eta ikertzaile irundarraren ibilbidearen aitortza da, eta Oiassorekin lotutako gaiak ikertzera eta zabaltzera bideratuta egongo da.
Jaime Rodriguez Salis ikerlari eta arkeologo irundarra Oiasso hiri erromatarraren antzindarietako bat izan zen. 1969an, Oiassoren lehen aztarnak aurkitu zituen, eta haren ibilbidea eta egindako lana aitortzeko gaur aurkeztu dute Jaime Rodriguez Salis beka. Haren ikerketak funtsezkoak izan ziren erromatarrek utzitako ondarea ezagutzeko, Irun eta Bidasoari buruzko kontakizun historiko berria eraikitzeko eta eremu honen aberastasun historikoa herritarrei hurbiltzeko. Beka Oiassorekin lotutako gaiak ikertzera eta zabaltzera bideratuta egongo da.
Beka honen bultzatzaileak Oiasso Museoa eta Arkeolan Fundazioak izan dira, eta aurtengoa lehenengo edizioa bada ere, urtero antolatuko dutela adierazi dute. Bidasoako eskualdearekin harremana eduki gabe, Espainiako eta nazioarteko gaiak ere lantzeko aukera izango dute. Beti ere, ikerketen emaitzak Oiassoko ondarearen ezagutzari, kontserbazioari edo balioa nabarmentzeari aplika badaitezke.
“Jaime Rodriguez Salisi egin diezaiokegun omenaldirik onena gure ondarea ikertzen eta zabaltzen jarraitzea da”, adierazi du Cristina Laborda alkateak. Bide beretik, Goizane Alvarezek, Aldundiko Kultura ordezkariak, adierazi du kultura ondarea guztion ondasuna dela. “Gure historia ezagutzeak nor garen ulertzen laguntzen digu, baina baita kontzientzia kritiko handiagoa, demokratikoagoa eta memoria kolektiboaren kontserbatzioarekin konprometituagoa duen gizartea eraikitzen ere”, gehitu du.
Rodriguez 2021ean zendu zen, eta gaurko aurkezpenean bere semea, Diego Rodriguez, izan da. Oso eskertuta agertu da Oiasso Museoak eta Arkeolan Fundazioak egindako lanagatik, “harrotasuna eta emozioa sentitzen dut”. Beka honen bitartez, bere aitaren legatuak bizirik jarraitzen duela azpimarratu du.
Deialdiaren informazioa laster zabalduko dute. Beka honen deialdiak 12.000 euroko zuzkidura izango du.


No hay comentarios:
Publicar un comentario