20 urte ondare arkeologikoa erakusten
Oiasso Museoak 20 urte bete ditu, txikitik handitasunera urteotan egindako lana goraipatu dute ekitaldian.
2006an Oiasso Museoak ateak ireki zituen, eta 20 urteko ibilbidearen ondoren, 507.000 bisitarik bisitatu dute Oiasso hiri erromatarraren aztarnak gordetzen dituen altxorra. 20. urteurrenaren harira, hainbat eta hainbat izan dira 2026. urtean zehar antolatu dituzten jarduera zein ekitaldi bereziak. Gaur, hilak 20, museoaren 20. urteurrenaren ekitaldi instituzionala egin dute museoaren atarian. Aizpea Goenaga museoko zuzendariarekin batera, udal gobernuko kideak eta museoko langileak izan dira. “20 urte museoaren historian eta 20 mende erromatar zibilizazioak Oiasson utzi zuen aztarnaren historian”, azpimarratu du Goenagak.
Ekitaldian hitza hartzen lehena Cristina Laborda alkatea izan da, eta Oiassok hirian duen garrantzia nabarmendu du. “1970an Jaime Rodriguez Salisek Oiasso hiri zaharraren lehen aztarnak topatu zituen, eta 1992an, Mertxe Urteagak Iberiar Penintsulako lehen portu erromatarraren lehen aztarnak aurkitu zituen”. Bi pertsona eta data horiek mugarri izan ziren gaur egun ezagutzen dugun Oiasso Museoa egoteko. FICAB, Bidasoko Nazioarteko Zinemaldi Erromatarra jaialdia, ere balioan jarri du alkateak. “Duela 20 urte museo bat baino gehiago ireki genuen”.
“Ilusioarekin aurre egin genion museoa sortzeko proiektuari, eta jakin bagenekien museo honek hiriaren parte oso garrantzitsua izan behar zuela. Beren historia ezagutzen dioten hiriek hobeto egiten diote aurre euren etorkizunari”, azaldu du. “Irundarrek museoa maitatzen dute”, eskertu du, baita egindako lana aitortu ere. Museoak hainbat zuzendari izan ditu, emakumeak gainera. “Emakume hauek egindako lana aitortu nahiko nuke, profesionaltasunez eta bihotzez museoaren zuzendaritzapean egon zarete”.
“Oso harro gaude, ez dago etorkizunik iragana kontuan izan gabe. Hipotesi batzuk egia bihurtzeko lan potoloa egin zuten hainbat ikerlarik, tartean, Jaime Rodriguez Solis”, adierazi du Goizane Alvarezek, kultura, gazteria eta kirol foru diputatuak. Altxor ugari biltzen ditu museoak, “iraganaren erakusleak dira”. Hiri bakoitzak bere sekretuak ditu eta foru diputatuak horiek aipatu ditu: “Oiasso Museora sartzen garen bakoitzean, gertaerak zer dela eta jazo ziren ezagutzeko aukera dugu”. “Urteotan erakutsi dute museoan egindako lan bikainari esker museoa hazi egin dela, eta hori ezinbestekoa da”, gehitu du Josue Susperregik, Arkeolaneko zuzendaria.
Txiki izatetik, eredu izatera
“Guk gure txikitasunetik ereiten dugu, eta txiki horretatik eredu bihurtu gara”, hitza hartu du egungo zuzendariak. Goenagak aurretik aipatutako bi izenak gogoratu ditu eta haiek egindakoa eskertu du: Jaime Rodriguez Solis eta Mertxe Urteaga. “Biek jo ta ke lan egin zuten erromatarra ez zirela hemen egon esaten zuen uste okerraren kontra”, azaldu du.
“Erromatarrak mugarri izan ziren aurrera egiteko, eta euskara eta euskal kultura bidegurutzea den hirian biziraun du aniztasunaren eta elkarbizitzaren eredu izanez, hori izan da gure museoa eta oraindik ere bada”. Goenagak eskerrik beroenak eman nahi izan dizkie berarekin batera “lantalde txikiaren parte” izan diren langile orori.
“Gure izaeran ez da ohikoa harrotasunez hitz egitea, baina gaur bai ekitaldi honi harrotasun puntu bat jarri nahi diot. Harro egoteko modukoa da gure hirian halako museo bat edukitzea, Gipuzkoako arkeologia museo bakarra. FICAB, terma erromatarrak, Ama Xantalen nekropolia, Irugurutzetako meategia… Oso harro egoteko moduko museoa da, hizki larriz esaten dut”.
Ekitaldia amaitzeko Labordak lore sorta eman dio Goenagari. “Nire azken egunak dira museoan, laster erretiroa hartuko baitut. Benetan, mila esker gaurko ekitaldira hurbiltzeagatik eta urteotan museoaren parte izateagatik”, hunkituta azaldu du. Abesbatzako kideak museoko balkoiak bete dituzte, eta abesti batekin amaiera eman diote 20. urteurreneko ekitaldiari.



No hay comentarios:
Publicar un comentario