Plaiaundiko atletismo pista berritzeko lanak, martxan
Bidasoa Atletiko Taldearen egoitza berrituko dute, instalazioak Txenpereneara lekualdatu arte kirolarien segurtasuna bermatzeko.
Irungo Udalak Plaiaundiko atletismo pista berritzeko lanak hasi ditu, eta bi hilabeteko epean, pistaren 300 metroko berritze lanak egingo ditu. Plaiaundi Bidasoa Atletiko Taldearen egoitza da, eta egun, 600 atleta inguruk erabiltzen dute atletismo pista. Berrituko duten tartan zatiak 200.000 euro inguruko aurrekontua izango du. Obra hauen helburua kirol instalazioa Txenpereneara lekualdatu arte, kirolarien segurtasuna bermatzeko.
Txenpereneako eremua eraberritzeko proiektua mahai gainean jarri eta onartu zuten urtarrilean. Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak azpiegitura berrien akordioa lortu zuten, instalazio horien erabiltzaile diren kluben beharretan eta eskaeretan oinarrituta. Atletismo estadio berria eraikiko dutela adierazi zuten urtarrilean, ziurtagiri ofizialerako beharrezkoak diren arauzko dimentsioekin.
Txenpereneara lekualdatu arte Bidasoa Atletiko Taldeak zein Txingudi Errugbi Taldeak euren jarduna Plaiaundin egin beharko dute. Atletismo pistaren kasuan, hainbat urtetako erabilera jarraituaren ondorioz, instalazioak entrenamenduetarako eta lehiaketetarako baldintza txarretan zeuden. Obra hau “behin-behineko eku hartzea” izango da, Txenpereneara lekualdatzea aurreikusten den bitartean.
Berrituko duten elementua tartan izango da, alegia, erresistentzia handiko atletismoko pisten gainazala. Obrak hasteko kirol ekipamendua eta altzariak kenduko dituzte. Ondoren, lehendik dagoen zoladura makina espezializatuaren bitartez kenduko dute. Azkenik, tartan berria jarriko dute, kaleak margotuta eta ertz perimetral batekin.
Pista berria
Txenpereneako pistak 400 metro luze izango ditu zortzi kaleekin, eta 100 metrotako probarako eta 110 metrotako hesi lasterketetarako erabili ahal izango da. Berotze lanak egiteko 500 metroko eraztun bat jarriko dute. Beharrezkoak diren ekipamendu guztiak izango ditu pista berriak: oztopo lasterketetarako erreka, jaurtiketak egiteko kaiola eta salto probetarako eremuak. Harmailari dagokionez, 800 lagunentzako lekua izango du, baita kronometratzeko dorrea eta epaileen eremua ere.


No hay comentarios:
Publicar un comentario