martes, 14 de julio de 2026

59. Bidasoa Ibaiaren Nazioarteko Jaitsiera aurkeztu dute

Noticia publicada en Bidasoko HITZA, el martes día 14 de Julio de 2026.

59. Bidasoa Ibaiaren Nazioarteko Jaitsiera aurkeztu dute

Larunbat arratsaldean, Bidasoa ibaian adin guztietarako proba ugari antolatuko dituzte; eta eguna borobiltzeko, Urmuga kontzertua.

Santiagotarrak Kirol Elkarteak egutegian gorriz markatutako egunak ditu, eta horietako bat Bidasoa Ibaiaren Nazioarteko Jaitsieraren eguna da. Aurten, 59. edizioa egingo dute larunbatean, hilak 18, eta urtero legez, arratsalde osorako egitaraua antolatu dute. Parte hartzearen aldetik, aldaketak espero dituzte;  hala ere, urteotan izandako maila altuari eutsiko diote. Berritasun nagusia Urmuga kontzertua izango da, bertan hainbat artista bilduko baitira 20:00etatik aurrera. 

Bazkalostetik gauera bitarte hainbat jarduera antolatuko dituzte Santiagotarrak K.Eren instalazioetan. 15:00etan txikien txanda izango da, eta haiek ere Bidasoa Ibaiaren jaitsiera egiteko aukera izango dute. Bidasoa Txikiaren seigarren edizioa izango da, Faisaien Irlatik hasita. 17:00etan Nazioarteko Jaitsieraren irteera izango da, lehenengo irteera Villanuevako kurbatik izango da eta ordu erdi geroago San Migeleko eremutik. Bigarren irteerarekin batera, Jaitsiera Herrikoiari hasiera emango diote. 

“Orain arte izan ditugun berrikuntzak mantendu ditugu. Klubaren 60. urteurrena izanik, apustu berezia egin dugu sari gehiago sartzen eta oso eskertuta gaude Irungo komertzioek eman diguten bultzadarekin”, adierazi dute aurkezpenean. 

Maila handiko parte hartzea

“Aurten ibaia nahiko ur gutxirekin dator. Hortaz, dibertigarria izan daiteke lehia”. Parte hartzaileei buruz galdetuta, antolatzaileek adierazi dute gauerdira arte epea irekita dagoela. “Dakigunaren arabera,  momentuz 100 lagun inguruk izena eman dute. Espero dugu 250 parte hartzailetik gora biltzea”. 

“Izen handiak ez daude konfirmatuta baina parte hartzaileen interes handia dugu”. Aurkezpenean, interes handia duten kirolariak aipatu dituzte; zoritxarrez, argentinarrak ez dira etorriko. “Argentinarrak gurera etorri ez arren, Eider Cecilia Argentinan jokatuko den munduko txapelketan izango da”.

Duela aste gutxi batzuk, Cecilia Europako Txapelketan izan zen, eta bertan Munduko Txapelketarako txartela lortu zuen. Klubean pozarren dira azken urteotan izandako gorakadagatik. “Oso gogor ari naiz entrenatzen, eta entrenamenduek merezitako saria eduki dute: Munduko Txapelketarako sailkapena”, adierazi du Ceciliak. Datozen hilabeteetarako egutegi betea izango du kirolariak, eta datorrenari aurre egiteko prest dagoela baieztatu du.

Urmuga kontzertua

18:00ak aldera, Biriatuko ibai ertze inguruan Amets Arzallusek gidatutako ekitaldia izango da. 20:00etan, berriz, Et Incarnatus Orkestraren kontzertua antolatuko dugu klubaren instalazioetan hainbat artistekin batera. “Ezin dugu gehiegi aurretatu, sorpresa bat izango da eta espero dugu zuen gustukoa izatea”, nabarmendu dute. 

No hay comentarios: