lunes, 6 de julio de 2026

"Sanmartzial onenen artean daude aurtengoak"

Noticia publicada en Bidasoko HITZA, el lunes día 6 de Julio de 2026.

Sanmartzialak

"Sanmartzial onenen artean daude aurtengoak"

Aurtengo festen balantze positiboa egin du udalak; orotara, 150 jarduera baino gehiago eta 50.000 lagun izan dira egunotan Irunen.

Uztaila hastearekin batera amaitu ziren sanmartzialak pasa den asteazkenean. Jai giroa amaituta, gaur aurtengo jaiak baloratzeko ordua heldu da. Udalak aurtengo jaiei buruzko balorazio positiboa egin du, eta eskerrak eman dizkie herritar zein elkarteei izandako jarreragatik, baita beroaldiaren eraginez egindako aldaketen aurrean erantzun ona edukitzearren. Guztira, 150 jarduera baino gehiago antolatu dituzte aurten, eta orotara festek iraun duten egunotan 50.000 lagun bildu dira Irunen. Aurretik aipatu bezala, beroaldiarengatik aldaketa batzuk egin behar izan zituzten, eta kasu txarrenean jarduera batzuk bertan behera utzi.  

“Proposamen bikain bat eskaini diegu herritarrei, jardueraz eta bizitzaz betetako lau astebururekin, eta uste dut hiria oso harro sentitu daitekeela, geneukan helburu nagusia bete dugu eta”, adierazi du Cristina Laborda alkateak. Jarduerak aurrera eramateko gakoa elkarteen arteko koordinazioa eta lankidetza aktiboa azpimarratu ditu. “Sanmartzial onenen artean daude aurtengoak”.

Urtero legez, jai programazioan denetarik egon da: musika, kirola, haurrentzako jarduerak, gastronomia… Adin guztietako herritarrentzat egitarau zabala antolatu dute. Kontzertuak ekitaldi jendetsuenak izan direla gaineratu dute gaurko agerraldian. Kontzertuez gain, Betti Gottik antolatutako Herri Bazkarian edota adinekoen bazkarian milaka lagun bildu ziren bi egunetan Ficoban. 

Aurtengo berritasun nabarmenena drone ikuskizuna izan da. Jaiei amaiera emateko lehendabizikoz antolatu zuten, eta 5.000 hiritar bildu ziren Ficoba kanpoaldean. “Esperientzia bisual berritzailea eta jasangarria da, eta adin guztietako publikoarentzat egokia”. Baserritarren Egunak ere hainbat aldaketa izan ditu aurten; hala nola, dermatosi nodularrak eraginda, ezin izan dute abereen erakusketa egin. Hala ere, aldaketa hori ez zen oztopo izan egun giro onean bizitzeko, eta Urdanibia plaza jendez lepo betetzeko. 

Bestalde, prentsaurrekoan azpimarratu dute aurten telefono morea egun eta ordu gehiagotan egon dela aktibatuta. Orotara, 2.300 lagun pasa dira puntu moretik egunotan. Hala eta guztiz ere, aurten telefono bidezko zerbitzuak ez zituen arreta eskaerarik jaso. “Hau guztia esanda, beste urte batez sanmartzialak Gipuzkoako jai erreferenteak bihurtu dira”, amaitu du Labordak. 

No hay comentarios: