Txinzerrek Anakan eta Belaskoenean instalatutako lurpeko beita kutxen ebaluazioa egiten ari da
Arratoiak kontrolatzeko prebentzio lanak indartzeko hamar gailu instalatu zituzten maiatzean, eta irailean proba pilotuaren emaitzak argitaratuko dituzte.
Txinzerrek arratoien prebentzio lanak indartzeko gailuak instalatu zituen maiatzean, Anakan eta Belaskoenean. Bi auzoetan lurpeko hamar beita kutxa instalatu zituzten, eta hilabeteotan bildutako emaitzak ebaluatzen ari dira. Gailu berri hauek lur azpian instalatutako altzairuzko beita kutxak dira, arratoien kontrolerako bereziki diseinatuak. Proba pilotua da, eta dagoeneko hasi dira kutxa bakoitzaren jarraipen zehaztua egiten. Aurreikuspenen arabera, irailean argitaratuko dituzte lehen proba honen emaitzak.
Kutxa hauek karraskarientzat sarrera puntu ugari dituzte haien sarbidea errazteko, eta gaineratu dute lurpean instalatuta daudenez ez dutela inpakturik sortzen. Pertsonentzat zein etxeko animalientzat ez dira arriskutsuak gailu hauek. Proba pilotua ohiko kanpainaren parte da, eta urtean bitan edo lautan egin ohi dituzte jarduketa hauek, eremu bakoitzaren beharren arabera. Beti ere, espazio publikoak hobetzeko helburuarekin, ingurune bakoitzaren ezaugarrietara eta beharretara egokitutako lan planifikatuen bidez.
Lehen proba amaitzean, irailean, Txinzerrek eta Irungo Udalak emaitzen lehen balorazioa egingo dute. Horretarako, datu teknikoak, eremuetako egoeraren pertzepzioa eta hiritarren balorazioa kontuan hartuko dituzte. Espazio publikoaren erabilera handiagoko eremuetan, auzotarrek beharrak edota hobetu beharreko alderdiak identifikatuko dituzte, eta euren iritziak kontrastatuko dituzte.


No hay comentarios:
Publicar un comentario