Hamargarren urteurrena ospatzeko plaza guztiak bete dituzte
Tech Irun UDA tailerren balorazio positiboa egin dute; asteotan, 8 eta 13 urte bitarteko 80 haur izan dira proposamen teknologikoaz gozatzen.
10. urteurrena data esanguratsua da. Aurten, Irun Tech UDA tailerrek hamar urte bete dituzte, eta hura ospatzeko eskaini dituzten plaza guztiak bete dituzte. Udako asteotan zehar, 8 eta 13 urteko 80 haurrek parte hartu dute tailerretan. Hauen bitartez, jarduera teknologikoez gozatzeko aukera izan dute, teknologiara modu praktiko, sortzaile eta dibertigarrian hurbiltzeko. “Datuek erakusten dute tailerrek interes handia pizten jarraitzen dutela familien artean. Horrek erakusten du erabat errotutako egitasmoa dela”, adierazi du Nuria Alzaga Bidasoa Bizirikeko presidenteak.
Bidasoa Bizirikek eta Irungo Udalak 2017an tailerrak antolatzen hasi ziren, eta hamar urte hauetan, 1.100 haur baino gehiagok parte hartu dute programan. Aurtengo datuei erreparatuta, 61 mutil eta 19 neska izan dira. Hamar urteotako balantzea eginez, mutilak gehiengoa izan dira. Hori horrela, datozen urteetarako erronka bat dute: “Erronka argia dugu. Aurten 19 neskak parte hartu dute, eta kopuru hori hazten jarraitzea nahi dugu. Lanean jarraitu behar dugu gero eta neska gehiago txikitatik zientziara, programaziora edo robotikara hurbil daitezen, eta esparru horietan ere beren gaitasunak eta interesak ezagutzeko aukera izan dezaten”.
Hamargarren edizio honek metodologia praktikoaren aldeko apustua egin du. Bi taldeetan banatuta, 8 eta 10 urte bitartekoak eta 11 eta 13 bitartekoak, hainbat jarduera antolatu dituzte Irun Factory aretoan. ‘Misioa: espaziorako bidean’, ‘Musika, artea eta teknologia’, ‘Arkeologia robotikoa’ eta ‘Natura: zientzia eta teknologia’, lau tailer hauek osatu dute aurtengo eskaintza. Hauen bidez, robotika, programazioa, elektronika, sentsoreak, domotika, 3D diseinua eta modelaketa edota bideo jokoen sorkuntza landu dituzte.
“Tailer hauen bitartez, ezagutza teknologikoak eskuratzeaz gain, jarduerak sormena, pentsamendu logikoa, arazoak konpontzeko gaitasuna eta talde-lana sustatzeko diseinatu dira. Horrela, haurrek beren proiektuak eta ikasitakoa beste parte-hartzaileekin partekatzeko aukera izan dute”, adierazi dute.


No hay comentarios:
Publicar un comentario