miércoles, 7 de octubre de 2026

Osakidetzak Oinaurreko osasun zentroa eraikitzeko proiektua esleitu du

Noticia publicada en Bidasoko HITZA, el miércoles día 7 de Octubre de 2026.

Osakidetzak Oinaurreko osasun zentroa eraikitzeko proiektua esleitu du

Proiektua Beldarrain SLP enpresari esleitu diote, eta 11,2 milioi euroko inbertsioa egingo dute 2030. urterako erabilgarri egon dadin.

Etorkizuneko Oinaurreko osasun zentroaren proiektua abian da. Osakidetzak jakinarazi berri du obrak nork garatuko dituen: Beldarrain SLP enpresa. Gipuzkoako enpresa honek urteak daramatza Osakidetzarako azpiegitura sanitarioak diseinatzen eta garatzen; hala nola, Zumarragako Ospitaleko bloke kirurgiko berria edota Ordiziako Osasun Zentroaren eraberritzea. Oinaurreko proiektuak 11,2 milioi euroko aurrekontua izango du, eta Irungo Lehen Mailako Arreta indartzea ahalbidetuko du zentro berriak. Proiektua behin esleituta, eraikuntza lanak 2027an hastea aurreikusi dute, eta espero dute 2030. urtero erabilgarri egotea.

Oinaurreko osasun zentroa Bidasoa ESIaren 2025-2035 aldiko Plan Zuzentzailearen parte da. Plan honek Irungo hainbat osasun zentro sustatzea dakar: Irun Berria osasun zentroa, Alarde kaleko lehen mailako arretako errefortzu zentroa eta Bidasoko Ospitaleko bloke kirurgiko berria. Orotara, plan honek 51 milioi eurotik gorako inbertsioa izango du, Irunen eta Hondarribian arreta sanitarioa indartzeko eta modernizatzeko.

Eraikin berriak 7.200 metro koadroko lursail batean kokatuko da Arrabatenea kalean. Lursail horretan 3.500 metro koadro eraikiko dituzte, eta eraikin honek Belaskoenea, Elitxu-Lapitze, Urdanibia, Anaka eta Katea auzoetako 25.000 bizilagunei arreta emango die. 

Familiako medikuntzako eta erizaintzako 27 kontsulta, ama-haurren arretarako hamar eta erabilera anitzezko lau kontsulta izango ditu zentro berriak. Gainera, profesional berri ugari sartuko dira: optometristak, psikologoak, fisioterapeutak eta praktika aurreratuko erizainak. Horiek guztiek lehen mailako arreta hurbilagoa, irisgarriagoa eta diziplina anitzekoa izatea erraztuko dute. Bestalde, etorkizuneko beharretara egoki daitekeen azpiegitura jasangarria izateko diseinatu da.

No hay comentarios: