martes, 28 de febrero de 2023

Euskararen Hilabeteak balorazio positiboari eutsi nahi dio

Noticia publicada en Bidasoko Hitza,el martes día 28 de Febrero de 2023

Euskararen Hilabeteak balorazio positiboari eutsi nahi dio

Gaur hasi da Euskararen Hilabetea. Berriz antolatzeko indarra "harrera onak" eman diela adierazi du Euskara arloak. Antzerkia, Laburbira, Mintzodromoa eta Haurrak Parkean dira proposamen nagusiak.

Beste urte batez Euskararen Hilabetea antolatu du Irungo Udalaren Euskara arloak, eta horren berri emateko agerraldia egin dute gaur Miren Etxebeste zinegotziak eta Iñigo Gaiton Euskara arloko teknikariak.

Programazioa gaur bertan hasi da, eta gogoratu beharra dago Irungo eskoletako haur eta nerabeen motibazioan eragitea dela helburua. Aurten, taldean lan egiteko aldarria jarri dute ardatz, eta Euskaraldiko leloa berreskuratu dute: Irunen bagara, zu ere bazara, izan gaitezen!.

Gaitonek eskerrak eman die ikastetxeetako irakasleei, zuzendariei eta euskara ordezkariei, “egutegiak antolatzea lan handia da eta erakutsitako prestutasunagatik eskertu nahi genieke”. Aurreko edizioen balorazio eta harrera onak jaso dutela baieztatu du ere.

Lau multzotan sailka daitezke antolatutakoak: Antzerkia, Mintzodromoa, Haurrak Parkean, eta Irunero aldizkarian ikasleen sorkuntzekin ateratako ale berezi bat. Antzokia Amaia KZ izango da; Mintzodromoa, Mendibil Merkataritza Gunea; eta Haurrak Parkean hiriko jolas gune ezberdinetan egingo da.  

Bestalde, testuingurua probestuz Laburbira film laburren zirkutuak geldialdia egingo du Irunen, martxoaren 7an.

Egitaraua

  • Antzerkia
    • Antzerki emanaldiekin gaur hasi dira Amaia KZn, hain zuzen, Itsatsita antzezlana taularatu dute Demode Quartet konpainiakoek, 3.DBH eta 4.DBH-ko ikasleentzat.
    • Hurrengo emanaldia, Mar Mar antzerki konpainiaren eskutik iritsiko da eta Tarzan interpretatuko dute bi egunez jarraian, martxoaren 2 eta 3an, hain zuzen. 1. DBH eta 2. DBH-ko ikasleak izango dira ikusleak.
    • Martxoaren 8 eta 9an Piztu emakumeON energia! antzezlanarekin joango dira Amaia KZ-ra Eidabe konpainiakoak. 3. LH eta 4.LH-ko ikasleak bertaratuko dira.
    • Antzerki zikloari amaiera emango diote Haur Hezkuntzako ikasleek. Beraientzat Azken eguzkilorea obra antolatu dute, martxoren 21, 22 eta 23an. Patata Tropikala konpainiaren proposamena da.
  • Laburbira
    • Martxoaren 7an egingo da zazpi filmen proiekzioa Amaia KZ-ko hitzaldi aretoan, 19:30ean. Marina Perosanz zine zuzendaria eta Muskil filmaren zuzendariak solasaldia eskainiko du. Laburbira aurten 20 urte betetzen ari da.
  • Haurrak Parkean
    • Martxoaren 1etik 31ra, asteazken eta ostiraletan, Irungo parke eta plaza ezberdinetan egingo dira saioak. Hezteneko jolas dinamizatzaileen laguntza izango dute parte hartu nahi dutenek. Aurreko aldietako jolas berdinak izango dira, eta noiz egingo diren kontsultatzeko, Irungo Udalaren orrialdera jo behar da.

Bestetik, Mintzodromoak uste baino harrera hobeagoa izan duela adierazi du Etxebestek, “aurrekontuan jasotakoa baino askoz ere handiagoa”. Bi saio programatu dituzte, eta hainbat haur kanpoan geratu direnez, horiei kasu egiteko udazkenera begira lanean dabiltzala baieztatu du. Mendibil Merkataritza Gunean egingo dute, martxoaren 24an.

No hay comentarios: