viernes, 24 de febrero de 2023

Zinemaldi Arkeologikoaren oinarriak onartu dituzte

Noticia publicada en Bidasoko Hitza, el viernes día 24 de Febrero de 2023.

Zinemaldi Arkeologikoaren oinarriak onartu dituzte

Aurtengo edizioa azaroaren 13tik 18ra izango da. Izen-emateak irekita daude jada eta uztailaren 15a izango da lanak aurkezteko azken eguna.

Irungo Udaleko Kultura arloak Oiasso Museoaren bitartez jakinarazi du, Bidasoako Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoaren XXIII. ekitaldiko oinarriak onartu direla. Aurtengo edizioa azaroaren 13tik 18ra izango da, Irunen, eta proiekzioak aurrez aurre ikusteaz gain, online ikusteko aukera ere egongo dela jakinarazi dute antolatzaileek.

Filmak aurkezteko deialdia irekita dagoela iragarri dute. Edozein nazionalitatetako pertsonek eta erakunde publiko edo pribatuek ekoitzitako genero guztietako dokumentu zinematografikoek parte hartu ahal izango dute zinemaldian: dokumentalak, erreportajeak edota ikerlanak; laburrak ertainak edo luzeak. Amankomunean izan behar duten gauza bakarra edukia dela adierazi dute, proiekzioak arkeologia eta teknika arkeologikoen, etnoarkeologiaren, ondare arkeologikoaren eta kontserbazioaren esparrukoak izan behar baitira.

Lanak aurkezteko epea uztailaren 15ean bukatuko da, eta ondoren dokumentalak aukeratuko direla baietsi dute.

Lehiaketako oinarriak zinemaldiaren webgunean kontsulta daitezkeela aurreratu dute. Izena online eman daiteke izena emateko orria eta filma helbide elektronikoz bidalita. Festhome online plataforman ere izena eman daitekeela ziurtatu dute antolatzaileek.

Informazio gehiagorako Oiasso Museoarekin harremanetan jar daitezke interesdunal museoaren egoitzan bertan, helbide elektronikoz edo 943 63 93 53 telefonora deituta.

Hauek dira zinemaldiko XXIII. ekitaldian banatuko diren sariak:

  • Zinemaldiko sari nagusia: 2.000 euro.
  • Ikusleen sari berezia: 1.000 euro.
  • Hezkuntza saileko saria: 750 euro.
  • Dibulgazio zientifikoko Arkeolan saria: sari ekonomikorik ez.

No hay comentarios: