Bidasoko Gazte Langileon Asanbladako kideek Moskuko gaztetxea utzi dute
Asanbladak adierazi du lokaleko jabeek isun-mehatxuak egin dizkietela, eta horren aurrean gaztetxea uztera behartuta ikusi direla. Horrez gain, poliziaren aldetik jasotako errepresioa salatu dute.
Bidasoko Gazte Langileon Asanbladak adierazi du Moskuko gaztetxearen jabeek isun-mehatxu handiak egin dizkiela, eta horren aurrean gaztetxea uztera behartuta ikusi direla. Eraikinaren usurpazioa egotzita, aurreko astean izan zuten epaiketa asanbladako kideek. Eraikinaren jabeek haren eskuan zituzten “mekanismo juridiko” guztiak erabili dituztela adierazi du asanbladak, ohar bidez, eta horrek ekarri ditzakeen ondorioak aurreikusita hartu dute espazioa uzteko erabakia.
“Eraikinaren jabeek egindako isun-mehatxuak militanteak bizitza osorako ekonomikoki kondenatuak egoteko adina dira,” adierazi du asanbladak, eta horren bidez “kideak ekonomikoki itotzea” eta “izorratzea” dutela helburu. Horrez gain, jabeek prentsan egindako adierazpenak gezurtatu dituzte, eta asanbladako kideekin hitz egiteko prestasun eza salatu dute. Jasotako mehatxuak “okupazioaren aurkako beste aurpegi bat” erakusten dutela esan du asanbladak. Bestalde, poliziaren aldetik jasotako errepresioa ere salatu nahi izan dute, kideek “isunak, identifikazioak eta jarraipenak” jasan dituzte eta.
Besteak beste gazte langileak elkartzeko eta jardun politikoa aurrera eramateko ireki zuten Moskuko Gatzetxea abenduaren 10ean, Irungo Eguzkitza kalean. Harrezkeroztik hainbat ekitaldi antolatu dituzte bertan, hala nola kontzertuak, hitzaldiak, asanbladak edota proiekzioak. “Antolatutako ekitaldiez gain, beste eragile batzuekin eta bizilagunekin harremanak sendotu ditugu”, gehitu du asanbladak. Talde faxisten aurka egindako lana azpimarratu nahi izan dute, jasotako erasoen aurrean egindakoa. “Gaztetxea faxismoaren aurka antolatzeko espazio bat bilakatzea lortu dugu”.
Gaztetxea alde batera utzi arren, gazte langileen premiak asetuko dituen beste espazio baten beharrak bertan jarraitzen duela adierazi nahi izan du asanbladak. Horregatik, asanbladak hasieratik izan duen bide berdinean jarraituko duela iragarri dute.
Azkenik, gaztetxeak iraun duen prozesuan babesa eman dieten pertsona, eragile, komunikabide eta bizilagun guztiei eskerrak eman nahi izan die asanbladak.
Bidasoko Gazte Langileen Asanbladak adierazi du Moskuko gaztetxearen jabeek egindako mehatxuen aurrean lokala uzteko erabakia hartu dutela.
No hay comentarios:
Publicar un comentario