Eguberrietako programazioaren balantzea egin du udalak
Urtetik urtera parte hartzaile kopurua hazten ari dela azaldu du alkateak. Bi izotz pistetatik pasa da jende gehien.
Eguberrietako programazioaren balorazioa egin du Irungo Udalak aste honetan. Dagoeneko aurreratu zuten bezala, herritarren iritzia biltzeko telefono bidezko inkestak egiten ari dira eta horien emaitzak aurrerago emango dituzte. Halaber, inpaktu ekonomikoa zein izan den jakiteko azterlan bat egiteko enkargua egin du lehenbizikoz udalak.
Cristina Laborda alkateak esan du urtetik urtera zifrak gainditu egiten direla, hau da, kanpaina bakoiztean “marka” hobetzen jarraitzen dutela. Horregatik, “pozik” agertu da. “Ez dago eztabaidarako tarterik: Eguberrietako hiriburua da Irun”.
Polemikaz jositako Eguberrietako argien pizte ekitaldiarekin hasi du balantzea eta bertara 5.000 pertsona gerturatu zirela azaldu du alkateak. Dena den, parte hartzaile gehien jaso dituen ekitaldia bi izotz pistak izan dira, 14.000k hartu baitute parte; iaz baino 3.000 pertsona gehiago, %30eko hazkundearekin.
Errege magoen desfilean, Olentzero eta Mari Domingirenetan jende askok parte hartu zuten eta “kanpainako puntu gorenetako bat” izan zela azaldu du alkateak. Ekimen hau herritarren eta udalaren arteko lankidetza horri esker eraiki dela uste du Labordak eta ildo hori jorratzen jarraitzeko asmoa adierazi du. “Ez dugu ahaztu behar erreferenteak izan nahi dugula EAE osoan, baita Nafarroan eta Iparraldean ere. Baina etxekoen lanagatik ez balitz, hau da, hiriko erakunde eta elkarteen lanagatik ez balitz, horiek guztiak ez luke zentzurik izango. Zigilu hori guztiz berezia da”.
Pio XII plazako karpari buruz esan dute nerabe eta gazteek aire zabaleko tailerrez, eskulanez, gaming-ez eta errealitate birtualeko jokoez ahal izan dute gozatu. Eguberri hauetan 1.700 gazte eta nerabek hartu dute parte Gazteria zerbitzuak antolatutako ekimenetan. Halaber, bi gaztelekuek egindako irteerak arrakastatsuak izan dira, hala nola, Bilbora egindako txangoa, JumpYard eta Bizkaia Park Aventurara irteerak. Bestalde, abenduaren 28ko bingo pikanteko 120 kartoiak bukatu ziren.
Bakarrizketetan 680 pertsona izan dira, iaz baino %51 gehiago. Sarjia parkeko gazteentzako aisialdi eremutik, aldiz, 150 haur eta gazte pasatu dira bataz beste egunean. Iazko kopuru antzekoak izan dira.
No hay comentarios:
Publicar un comentario