Josu Zabala biktima gisa izendatu du Espainiako Gobernuak
GEBehatokiak martxoan egin zuen eskaera, eta orain, erantzuna jaso dute. Arrazoi politikoengatik hil zutela dio Espainiako Gobernuak.
Josu Zabala arrazoi politikoengatik hil zuten. Hori bera aitortu du Espainiako Gobernuak. 50 urteren ondoren aitortu du Espainiako Gobernuak biktima gisa. Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak aitortzarako eskakizuna egin zuen martxoan, eta orain iritsi da baieztatzen duen berria.
Espainiako Gobernuak adierazi du Zabalak eskubidea duela “bere memoria pertsonala, familiarra eta kolektiboa aitortzeko, eta erreparazio morala lortzeko eta berreskuratzeko”. Horrez gain, Irungo Auzitegiak borondatezko jurisdikzioari dagokion prozedura judiziala izapidetzea onartu du. Behatokiak irekitako prozesu horrek ez du Zabalaren hilketaren prozesu judiziala berriro irekitzen, hau da, ez du Enrique Pascual (bere hiltzailea) auzipetzen, baina ahalbidetzen du jazotakoen inguruko ziurtagiri judizial bat eskuratzea.
Familiaren, CCOO sindikatuaren (Zabala bertako parte zen), Abotsanitzen, EAJren eta EH Bilduren babesarekin egin du aurrera GEBehatokiak Espainiako Gobernuari egindako eskaeran.
Zentsura
Berriak onak izan arren, GEBehatokiak salatu nahi izan du oztopo askorekin aurkitu direla kasuaren ikerketa egiterakoan. Ferrolgo Artxibo Militarrera jo zuen euskal erakundeak, eta bertan, zentsuratutako dokumentua eman diete. Artxibo militarreko dokumentazioa beharrezkoa da horrelako aitortza prozesuak egiterakoan, eta etengabean ezkutatutako informazioa jaso izan dutela salatu dute.
GEBehatokiak zabaldu du Zabalaren kasuan testigantza bat dagoela zentsuratua, egun hartan atxilotu zuten pertsona batena. Hilketaren lekuko izan zen, eta ondoren torturak jasan zituen polizien aldetik. Badirudi, lekukotza hori oso argigarria zela auzian.


No hay comentarios:
Publicar un comentario