lunes, 5 de octubre de 2026

EAJk herritarrak entzuteko 'Irunekin Konpromisoa' egitasmoa aurkeztu du

Noticia publicada en Bidasoko HITZA, el lunes día 5 de Octubre de 2026.

EAJk herritarrak entzuteko 'Irunekin Konpromisoa' egitasmoa aurkeztu du

Auzotarrekiko gertutasuna eta gizarte-eragileekin harreman zuzena duen entzute aktiboko prozesua aurkeztu dute, Palmera Monteron.

Hauteskundeetarako gutxi falta den honetan, Irungo EAJk Irunekin Konpromisoa egitasmoa aurkeztu zuen larunbatean, Palmera Monteron. Bertan, Gorka Alvarez alkatetzarako hautagaia, Irungo Uri Buru Batzarreko Iulen Arana presidentea eta Gipuzkoako Uri Buru Batzarreko presidentea izan ziren. Egitasmo honek helburu bat du: herritarrak entzutea hiri hobea denen artean eraikitzeko. “Horregatik, auzotarrekiko gertutasuna, hiriko gizarte-eragileekin harreman zuzena izatea eta haien kezkak, beharrak eta proposamenak lehen eskutik ezagutzea nahi dugu”, adierazi zuten. 

Hortaz, entzute aktiboko prozesu honek lau talde izango ditu: kultura, kirola eta euskara; hiri atsegina; bizikidetza eta pertsonak; eta azkenik, ekonomia. Horiek hiriaren izaeraren funtsezko osagaiak dira, beti ere, pertsonak eta bizikidetza erdigunean jarriz.

Lau arlo hauek hiriko errealitatea gertutik ezagutzeko aukera emango dute egitasmoaren lehenengo fasean. Dagoeneko sei hilabete pasa dira egitasmoa martxan jarri zutenetik, eta hilabeteotan, sektore desberdinetako pertsona zein enpresekin elkarrizketak egin ditu alderdiak. Elkarrizketa horiek egin ostean, jasotakoa kontrastatu, aztertu eta ikuspegi osoa landu dute. 

“Hilabete hauetan egindako elkarrizketek berretsi egiten dute gizartean ezarrita dagoen ezkortasuna: segurtasuna, etxebizitza, mugikortasuna eta klima-aldaketa herritarren hobekuntza-beharren lehen lerroan daude. Eta nola bizi nahi dute irundarrek? Bizi-kalitatearekin, hezkuntzako maila guztietara sarbidea izanda, garapen profesionalerako aukerekin, etxebizitza duinarekin, kalitatezko zerbitzu publikoekin, ingurune seguruan, euskaraz eta berdintasunean bizitzeko aukerarekin, kulturalki aktiboa eta anitza den hiri batean eta zahartze aktibo eta lagundua izanda. Hau da, bizitzeko eta gozatzeko hiri batean. Eta hori da Irun izatea nahi duguna. Ez dugu esaten erraza izango denik, baina ilusioa eta anbizioa ditugu hori lortzeko”, adierazi zuen Gorka Alvarezek larunbateko aurkezpenean.

Era berean, Iulen Aranak egitasmoaren garrantziaz mintzo zen: “Irundarrekin egiten ari garen entzute aktiboko prozesu honek Irunerako dugun proiektua zabaltzeko eta aberasteko aukera ematen digu. Arazoei aurrez aurre begiratzen diegu, baina hirian sortzen ari diren aukerak ere balioan jartzen ditugu”. 

No hay comentarios: