Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen XI. Txapelketa, azaroaren 21ean
Aurten ere, Aitzondo Euskara Taldeak hitz gurutzatuen topaketa nagusia antolatuko du Palmera Monteron; aurtengo berritasuna, hiruko finala.
Hitz gurutzatu bat denbora pasatzeko jolasa den arren, zale sutsuenek badute hitz gurutzatuen euren txapelketa. Ez da nolanahiko txapelketa, Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketa baita. Aurtengoa, hamaikagarren edizioa izango da. 19 urte pasa dira, 2007an, LUMA taldeak lehendabizikoz antolatu zuenetik. Hainbat urtez antolatu gabe egon ostean, 2015ean txapelketa berrartu eta ordutik urtero antolatzen dute. Aurtengo hitzordua azaroaren 21ean izango da, Palmera Monteron. Hitz gurutzatuak, urtero legez, Joxan Elosegi irundarrak sortuko ditu.
Bigarrenez jarraian, Aitzondo Euskara Taldeak antolatuko du. Funtzionamenduan aldaketak izango dira aurten: bi proba gainditu beharrean, hiru proba gainditu beharko dituzte finalera heltzeko. Goizean goizetik tentsioa nabaria izango da, eta lehiaketan aurrera egin ahala, parte hartzaileen tentsioak gora egingo du. Lehia izango bada ere, goizeko protagonista giro alaia izango dela nabarmendu dute antolatzaileek. “Bixigarria da lehiaketa, jakina, baina gure lehen helburua ez da puntako hitz gurutzatuen ederra besterik gabe egitea, baizik eta denon gustuko giroa sortzea eta guztioi egun goxoa eskaintzea”, gehitu dute.
Izena emateko epea txapelketaren bezperan, azaroak 20, amaituko da. 14 urtetik gorako euskaldunek ahalko dute izena eman, https://labur.eus/hitzgurutzatuak2026 bidez. Gainera, 685 78 34 70 telefono zenbakiaren bitartez ere egin dezakete izen ematea.
Izen ematen duten guztiek 09:00etan egon beharko dute Palmera Monteron. Lehenengo faseko probak 09:30ean hasiko dira, eta bakoitzak berera arituko da, ondokoari begiratu gabe. Lehiaketarako materiala (paperak, arkatzak, borragomak…) antolatzaileek jarriko dituzte. Aurreikuspenen arabera, 10:10ak aldera amaituko dira lehenengo probak. 10:20ean, joan-jina izeneko bigarren fasea hasiko da. Bigarren fasean parte hartzaile guztiak izango dira, eta fase hau amaituta, lehenengo kanporatuak erabakiko dira. Finalaurrekoak 11:00etan hasiko dira; eta finala, berriz, 12:00etan. Aurtengo berritasuna hiruko finala izango da, eta hiru sailkatuak jendaurrean ariko dira. Ikusleek arbela elektronikoen bidez jarraitu ahalko dute finalisten jarduna.
Sariak eta ondorengo bazkaria
Lehenengo hamar sailkatuek bazkarirako txartela edukiko dute. Lehenengo sailkatuak txapelaz gain, 400 euroko saria eta Alberdaniako bonua eskuratuko ditu. Bigarrenak ere Alberdaniako bonua eta 300 euro irabaziko ditu. Hirugarrenak, aldiz, Alberdaniako bonuarekin batera, 200 euro jasoko ditu. Gainera, Irungo lehiakide hoberenak HITZAko urtebeteko harpidetza izango du.
Sariak banatu ostean, 14:00etan, Bidasoako EKT elkartean ohiko bazkaria egingo dute. Bazkalosterako Irunabarreko bertsolariek Irungo Bertsoaren Billguneko ordezkariekin batera, Irungo Bertso Zaharrak emanaldi berezia egingo du. 18:30erako aurreikusi dute ekitaldi guztien bukaera.


No hay comentarios:
Publicar un comentario