Ongizatearen Plaza, herritarren ongizatea erdigunean jartzeko
Urriaren 7tik 8ra Zabaltza plazan askotariko gaien inguruan hausnartuko dute, hala nola bakardade ez hautatua, gazteen osasun mentala, migrazioa eta elikadura osasuntsua.
Pertsona ororen ongizatea eta hori eragin dezaketen aferen inguruan hausnartzeko eta erdigunean jartzeko helburua du Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ongizatearen Plaza egitasmoak. Irunera datorren urriaren 7an iritsiko da, eta bi egunez, adituen laguntzarekin askotariko gaiak landuko dira Zabaltza plazan.
“Arazo indibiduala badirudi ere, herritar bakoitzaren ongizateak denoi eragiten ditu, eta ezinbestekoa da ikuspegi kolektibo eta komunitario batetik heltzea”, esan du Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusi Eider Mendozak. Horregatik, herritarrei Ongizatearen Plazan parte hartzera gonbidatu die, “gogoeta eragin eta elkarrizketa sustatu nahi duen gune berritzailean” parte hartzera. Jarraian, egitarau osoa:
Irungo Ongizatearen Plazaren egitaraua:
Urriak 7, asteazkena:
- 10:00etan: Adinberrik prestatutako kirol saioa, Iñigo Vicens prestatzaile fisikoarekin eskutik. Jarraian, mindfulness terapia Raquel Rodriguezekin, eta estimulazio kognitiboko tailerra Naia Rosekin.
- 11:30eatik 13:00ak arte: Bakardade ez hautatuari buruz hausnartuko dute Nagusilan, Bidasoa Zurekin, Gipuzkoako Itxaropen Telefonoa eta Gurutze Gorriak. Haiekin batera izango da Itziar Sistiaga idazlea, zeinak Laguntza Gutunak proiektua garatu duen udalarekin batera.
- 17:00etatik 18:00ak arte: Landarezaintza tailerra, Endanearen eskutik. Espazioen zaintzan eta eguneroko bizitzan landareek duten garrantziaz jardungo dira.
- 18:00etatik 19:30era: Dolu prozesua eta heriotzaren inguruko tabuak jorratuko dituzte Bidasoa Zurekin elkarteak eta dolua lehen pertsonan bizi izan dutenek.
Urriak 8, osteguna:
- 10:00etatik 11:30era: Elikadura osasuntsuan oinarritutako gosari tailerra gidatuko dute Elikaeneako Anne Otegi sukaldariak eta Mugarrieta Ganadutegiko Ion Areitio abeltzainak. Tokiko eta sasoiko produktuak erabiliko dituzte, eta elikadura jasangarria ere jorratuko dute.
- 11:30eatik aurrera: Gazteen ongizatea eta osasun mentala landuko da, sare sozialekiko adikzioa, gaitasun sozialen galera eta suizidioa hizpide izanik. Gazteak izango dira euren errealitatea azalduko dutenak.
- 18:00etan: Perimenopausian eta menopausian elikadurak betetzen duen paperaz hitz egingo du Cristina Lajas dietistak eta nutrizionistak. Aldaketa hormonalen eragina ere azalduko du.
- 19:00etatik 20:00etara: Irunera iritsitako migratzaileek euren migrazio prozesua kontatuko dute.
- 20:00etan: Ongizatearen Plazari amaiera emateko, bi egunetako esperientzia partekatuko da, Txorimaloak Soinu Taldeak eta Elatzetako Kantu Lagunek girotuta.


No hay comentarios:
Publicar un comentario