Elitxu-Lapitzek adinekoentzako gunea edukiko du
Aste honetatik aurrera, adinekoek hiriko hamargarren zentroa edukiko dute Euskal Herria etorbideko 23. eta 25. zenbakian; jarduerak astelehenero eta ostegunero izango dira.
Irungo Udalak adinekoentzako hamargarren zentroa ireki berri du Elitxu-Lapitze auzoan. Aste honetatik aurrera, dinamizazio zerbitzu berria eskainiko dute Euskal Herria etorbideko 23. eta 25. zenbakietan kokatuta dagoen auzo elkartean. Guztira, adinekoentzako hamar gune izango dira aurrerantzean: Anaka-Puiana, Behobia, Belaskoena, Iraso, Lekaenea, Luis Mariano, Palmera Montero, San Migel, Katea eta ireki berri dutena.
Elitxu-Lapitzeko espazioan astelehenero eta ostegunero jarduerak antolatuko dituzte; hain zuzen, astelehenetan, 09:30etik 12:30era; eta ostegunetan, 16:30etik 20:00etara. Gainera, goizetan banakako jarduerak eta esku-hartze komunitarioak ere antolatuko dituzte. Entzute aktiborako eta banakako orientaziorako espazioak izango dira, eta sareko lana egingo dute adinekoen eta auzoaren arteko harremana indartzeko. Banakako orientazio saioetarako aldez aurretik izena eman beharko dute.
Adinekoentzako zentroaren irekierak beste zentroetan ordutegi aldaketak egitea ekarri du. Hauek dira adinekoentzako guneen ordutegi berriak:
– Anaka-Puianako, Behobiako, Palmera Monteroko eta San Migeleko lokalak astelehenetik ostiralera egongo dira zabalik, 16:30etik 19:30era bitartean, eta astelehen eta ostegunetan 10:30etik 12:30era bitartean.
– Lekaeneako, Luis Marianoko eta Elitxu-Lapitzeko lokalak astelehenetan egongo dira irekita, 9:30etik 12:30era bitartean, bai eta astearte eta ostegunetan ere, 16:30etik 20:00etara bitartean.
– Azkenik, Belaskoeneako, Irasoko eta Kateako lokalak astelehen, asteazken eta ostiraletan egongo dira zabalik, 16:30etik 19:30era bitartean, bai eta ostegunetan ere, 10:30etik 11:30era bitartean.


No hay comentarios:
Publicar un comentario