lunes, 9 de noviembre de 2026

Gaur aurkeztu dute 26. FICAB

Noticia publicada en Bidasoko HITZA, el lunes día 9 de Noviembre de 2026.

Gaur aurkeztu dute 26. FICAB

Datorren astean, 24 film proiektatuko dituztez zinemaldi arkeologikoan; proiekzioetan, 500 ikasle bilduko ditu Amaia KZn.

2026arekin batera, hemen dago FICAB zinemaldiaren 26. edizioa. Datorren astean, hilaren 16tik 21era bitarte, Bidasoko Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoaren edizio berria egingo dute, eta aurtengoan 24 film proiektatuko dituzte. Azken urteetan, zinemaldia arkeologia zinemaren bidez dibulgatzeko erreferentzia bilakatu da. Gaur, jaialdiaren programazio osoa aurkeztu dute Oiasso Museoan.

Aurten, 60 proposamen jaso dituzte, eta horietatik 24 hautatu dituzte. Frantziatik, Espainiatik, Italiatik eta Txiletik etorritako filmak proiektatuko dituzte, sail ofizialean eta hezkuntza sailean. Aurkezpenean azpimarratu dute, aurten lehen aldiz, 500 ikasle bilduko direla datorren astean proiekzioetan. Irungo ikastetxeak Orioko eta Donostiako ikastetxeekin batera parte hartuko dute.

“Irunez bereziki harro sentiarazten gaituzten proiektu kulturaletako bat da Zinemaldia, gure inguruan parekorik ez duena. Hemen bertan jaio zen, duela 26 urte, eta erreferentzia bilakatu da. Jaialdi hau aukera bat da belaunaldi berrien artean jakinmin hori pizteko, gure historia ezagutzeko aukera ematen dien hurbilketa kulturalarekin, horrek bere garapen akademikoan duen garrantziarekin”, adierazi du Cristina Laborda alkateak.

Datorren astelehenean, hilak 16, El valle de los neandertales filma proiektatuko dute. Javier Trueba eta Gabriela Villecco zuzendariak Amaia KZn izango dira. AudescMobile aplikazioak audiodeskripzio zerbitzua eskainiko du, dohainik. Jaialdiari amaiera emateko, hilaren 21ean En busca del fuego filma proiektatuko dute sari banaketaren ekitaldiaren ondoren. Festhome plataformak film guztiak dohainik ikusteko aukera eskainiko du.

Arkeologiako adituak, epaimahai

Aurreko urteetan bezala, epaimahaiko kideak ikus entzunezko baliabideen eta arkeologiako munduaren adituak izango dira. Lourdes Herrasti izango da epaimahaiaren burua, eta berarekin batera, Beatriz Agramonte, Valentina Porcheddu, Giorgio Studer eta Mertxe Urteaga izango dira.

Zinemaldiko sari nagusia 2.000 eurokoa izango da. Bestetik, 1.000 euroko beste bi sari banatuko dituzte: Ikusleen Sari Berezia eta Genero Ikuspegiko EITB Saria. Azkenik, hezkuntza saileko sariaren irabazleak 7.500 euro eskuratuko ditu.

No hay comentarios: