Izarok hasiera emango die aurtengo gabonei
Gabonetako argiak pizteko ekitaldia hilaren 28an izango da, eta Izarok gabon kanten kontzertua eskainiko du; pizteko botoia San Vicente de Pauleko ikasleek sakatuko dute.
Bi aste besterik ez dira falta Irunen gabonetako argiak pizteko. Ekitaldia hilaren 28an, larunbaterekin, izango da, eta gaur eman dute egun horretarako aurreikusitakoaren berri. Urtero legez, gabonetako argien pizte ekitaldia une berezienetako bat da, “gabonei harrera egiteko unea”. Cristina Laborda alkateak gabonen nortasun propioa azpimarratu du: “Gure izaera eta jarduera handiak antolatzeko dugun gaitasuna benetan islatu nahi dugu”.
Aurkezpena San Vicente de Paul ikastetxean izan da, bertako ikasleek argiak pizteko botoia sakatuko baitute aurten. Ikasleen ilusioa nabaria da. Alkateak esan bezala, haurrek asko disfrutatzen duten unea da ekitaldia.
Argiak piztu aurretik, Gabonetako Etxeko zaindariak, Gabonek, ordu batzuez bere etxetik aterako da eta Karrika Nagusia zeharkatuta San Juan plazara helduko da herritarren laguntzarekin, 18:15 aldera.
Behin, San Juan plazara iritsita Izaro abeslariaren txanda helduko da, eta berak konposatutako gabonetako abestiak kantatuko ditu. Mallabitarrak 2024. urtean argitaratu zuen Izaro gabonetan diska. Izaro ez da bakarrik egongo, Gabonekin batera egongo baita eszenatokian. Gabonek, gainera, bere lagunak aurkeztuko ditu: Mister Jolas, Galtzagorri, Izartxo eta Amets. Kontzertua amaituta San Vicente de Pauleko ikasleek botoia sakatuko dute, eta behin argiak piztuta, arratsaldea borobiltzeko San Juan plazatik Zabaltza plazara arteko kalejira egingo dute.


No hay comentarios:
Publicar un comentario