martes, 17 de noviembre de 2026

Ribera Bekan parte hartzeko epea, zabalik

Noticia publicada en Bidasoko HITZA, el martes día 17 de Noviembre de 2026.

Ribera Bekan parte hartzeko epea, zabalik

2027ko otsailaren 1era arte aurkeztu ahal izango dituzte lanak; bikoteka egin beharko dituzte arte mundua eta giza zientzietako ikerlana uztartuta.

Irungo Udalak 2027ko Ribera Bekan parte hartzeko epea ireki du. Datorren urteko otsailaren 1era arte aukera izango dute proiektuak aurkezteko. Urtero legez, proiektuak binaka egin beharko dituzte, bi profilak uztartuta. Alde batetik, arte munduarekin lotura eduki beharko du; eta beste alde batetik, giza zientzietako ikerlanarekin lotura izan beharko du. Bi profil horiek uztartu behar dituzte proiektuetan. 11.25o euroko bi beka banatuko dituzte hautatutako proposamenak gauzatzeko.

Bekaren irabazlea erabakitzeko proposamenaren kalitatea, taldekideen ibilbidea, artearen eta ikerlanen esparruetan duten esperientzia, genero ikuspegia eta intersekzionalitatea kontuan hartuko ditu epaimahaiak. Beka honek honako helburu hauek ditu: artea eta ikerlana uztartzea eta memoria historikoarekin zein Bidasoa ibaiarekin lotura duten ikerlanak garatzea.

Izena emateko bikote bakoitzak 20 orrialdeko, gehienez, aurreproiektua edo memoria laburra aurkeztu beharko du: gaia, metodologia, lan egutegia, baliabideak eta helburua azalduta. Hori gutxi ez, motibazio gutuna ere idatzi beharko dute, eta bertan, material bisuala sartzea kontuan hartuko dute. Azkenik, taldekideei buruzko informazioa eta eginkizunak azaldu beharko dituzte.

Oinarriei buruzko informazioa udal webgunean kontsulta dezakete; eta eskaerak bi modutan izapidetu ahalko dituzte: egoitza elektronikoaren bitartez edota San Martzial kaleko HAZ bulegoan.

No hay comentarios: