lunes, 27 de febrero de 2023

Martxan da I. Memoria Historikoaren Kongresua

Noticia publicada en Bidasoko Hitza, el lunes día 27 de Febrero de 2023

Martxan da I. Memoria Historikoaren Kongresua

Etorbidea zubian egin dute kongresuaren inaugurazioa ordezkari politikoek. Kongresuak osteguna bitarte iraungo du.

Gaur hasi eta osteguna bitarte (martxoak 3) Ficoban egingo da Espainiako Estatuko Memoria Historikoaren Kongresua. Aurkezpen ekitaldia egin dute goizeko 11:00etan, eta bertan izan dira Irungo alkate Jose Antonio Santano; Memoria Historikorako ordezkari Santi Jimenez; Memoria Historikoko Espainiako estatu idazkari Fernando Martinez; Denis Itxaso Espainiako Gobernuaren Euskadiko ordezkaria; eta Miguel Angel Paez, Irungo lehen alkateordea.  

Etorbidea zubian elkartu dira ordezkari politikoak, “Espainiako Gerra Zibilaren harira ihes egin zuten herritarren exodoaren lekuko izan zen zubian”, azaldu dute.

Toki sinbolikoa dela adierazi du Santanok, eta bertaratzeko arrazoiak eman ditu: “Alde batetik, Bidasoa gaineko zubi bat da, sufrimendu handia laburbiltzen duena, baina, beste alde batetik, irrikaren sinboloa ere bada, duela urte asko eta urte askoan Europan oso gertu ikusi zenarekiko topalekua”.

Bi irakurketa dituela zubiak uste du alkateak. Batetik, Hendaiako auzoekiko “bilgune” gisa definitu du, eta jarraian, “demokrazia berreskuratzeko nahiaren ikurra” dela esan du. Aurreratu du memoriaren espazio bihurtzeko lanean hasi nahi duela, “Memoriaren Legeak Gobernuak zubia memoriaren toki izendatzeko aukera” ematen baitu.

Memoria Historikoko Espainiako estatu idazkariak baloratu du kongresua “oso ondo antolatuta” dagoela. “Irunera etorri eta zubi honetara ez etortzea memoriaren toki batera erromesaldia ez egitea da”. 

Egitarau osoa lotura honetan ikus daiteke. Izena eman behar da lehenagotik Irungo Udalaren webgunean. 

No hay comentarios: