lunes, 3 de junio de 2024

Irundik Biriaturako autobidea itxi dute baserritarrek

Noticia publicada en Bidasoko Hitza, el lunes día 3 de Junio de 2024.

Irundik Biriaturako autobidea itxi dute baserritarrek

24 orduz itxita egongo da lehen sektorearentzako lan baldintza hobeak eskatzeko. Europa mailako deialdia da eta Ipar eta Hego Euskal Herriko baserritarrek bat egin dute.

Europako lehen sektoreari deitutako deialdiarekin bat egin dute gaur Ipar eta Hego Euskal Herriko baserritarrek eta Irundik Biriaturako noranzkoan autobidea itxi dute, soilik kamioiei. Lehen bi orduetan Biriatutik Irunerako noranzkoan ere itxi dute baina gero ireki egin dute eta auto partikularrak igarotzen hasi dira.

Goizeko 10:00etan Irungo IATn elkartu dira eta poliki-poliki autobiderantz joaten joan dira. Asmoa, 24 orduz autobideko ordainlekua itxita edukitzea da eta Pirinioetako muga guztietan egin dute mobilizaziorako deia. Dagoeneko mahaiak eta askaria prest dituzte bertan dauden langileek.

Bertaratu diren baserritar gehienak baserritarren sindikatuetatik at egin dute bat, hala nola, EHNE, ENBA eta LBE, eta baserritar independenteen osatutako talde ezberdinen pean joan dira, esate baterako, BAGEA (Baserritar Gazteen Elkartea), ATACA (Asociacion Treviño y Alava por el campo) edo Nafarroako Oskotz kooperatiba. Espainiatik gerturatutako baserritarrak ere badaude.

Hainbat aldarri egiten ari dira. Batetik, kanpoko inportazioei “mugak” jartzea eskatu dute merkatuko prezioak baldintzatzen dituelako baserritarren lana eta soldata Uxue Amonarriz baserritarrak adierazi duenez. Bestetik, lan baldintza hobeak eskatzen ari dira. 

Gaurko mobilizazioak autobidean ez ezik, Irun erdialdeko trafikoan eragina izan dezakeela aurreratu zuen ostiralean Irungo Udalak eta auto partikularra erabiltzea ekiditeko gomendioa egin zuen. Eguerdirako Irungo trafikoan ez da inolako kolapsorik egon.

No hay comentarios: