jueves, 30 de abril de 2026

Egoera zaurgarrian daudenen bizipenak lehen planora eraman dituzte Plaiaundin

Noticia publicada en Bidasoko HITZA ,el jueves día 30 de Abril de 2026.

Egoera zaurgarrian daudenen bizipenak lehen planora eraman dituzte Plaiaundin

'Zubiak eraikiz: gizarte eragileen jardunaldiak' antolatu dituzte, eta besteen azalean jartzeko ariketa sakona egitea izan dute xede.

Plaiaundi LHIIko Gizarteratze Goi Maila zikloko 1. mailako ikasleek egoera zaurgarrian dauden pertsonei ahotsa emateko hainbat jardunaldi antolatu dituzte aste honetan zehar. Zubiak eraikiz: gizarte-eragileen jardunaldiak egin dituzte, “besteen azalean jartzeko” ariketa sakona egiteko asmoz. Bertan, egoera zaurgarrian dauden pertsonak eta lanean diharduten gizarte eragileak bildu dira, euren bizipenak eta esperientziak partekatzeko. 

Hilaren 27an eta 28an egin zituzten, honako erakundeen parte hartzearekin: Kera, Emmaus, Caritas, Gizagune, Adinkide, Norbera, Agipad, Babesten, Beroa, Irungo Udala, Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioa eta Irungo Emakumeen Etxea.

Bi egunetan egindako jardunaldietan hainbat ideia nagusi azpimarratu dituzte. Egoera zaurgarria bizi dutenek bakardade ez-hautatua, indarkeria matxista eta mendekotasunak bizi dute, askotan; eta horren aurrean, epaitu gabe edo aurreiritzirik izan gabe entzutea ezinbestekoa da. “Pertsona hauekiko begirada konplizeak izatea garrantzitsua da, alegia, zulotik ateratzeko laguntza emozionala eskaintzea”. 

Bestalde, zaintzaren gaia ere landu dute. “Argi geratu da aurrera egiteko ezinbestekoa dela elkar zaintzea eta harreman sare sendoak ehuntzea”. Gizarte integratzailearen oinarriak azpimarratu dituzte: entzute aktiboa, mugak jartzeko gaitasuna eta harreman esanguratsuak eraikitzea. 

Parte hartzaile guztiek mezu bateratu bat helarazi dute: “Laguntza behar baduzu, eskatu; eta laguntza eskatzen badizute, eman”. 

No hay comentarios: