Irungo saltokiek beren produktuak kalera aterako dituzte maiatzaren 9an
'Denda doinuak' egitasmoaren baitan, tokiko merkataritza sustatzeko produktuak kalera atera eta kaleak girotzeko kontzertuak egingo dituzte.
Udalak tokiko merkataritza sustatzeko egitasmoak antolatzen jarraitzen du. Maiatzaren 9an, Denda doinuak egitasmoa aurrera eramango dute, eta Irungo saltokiek euren produktuak kalera aterako dituzte. BidaShop eta Mugan merkatari elkarteak antolatutako egitasmoak helburu argia du: herritarrek bertako saltokietan eta ostalaritzan kontsumitzera bultzatzea. Skola Musik akademiak ere bertan parte hartuko du, eta bi kontzertu eskainiko ditu.
Udalak bertako merkataritza sustatzeko eta hiria dinamizatzeko apustuari eutsiko dio, era berean, aurrez aurreko merkataritzaren balioa azpimarratu dute. Honela, egitasmoan parte hartzen duten saltokiek beren produktuak kalean erakusgarri izango dituzte. Giro dinamikoa eta erakargarria sortuko dute goiz osoan zehar.
Skola Musik akademiak bi kontzertu eskainiko ditu: 11:30etik 12:00etara San Migel plazan, eta 13:00etatik 13:30era Primitivo Azpiazu plazatxoan. “Aurrez aurreko merkataritza ordezkaezina da, eta oinarrizkoa da Irungo egitura ekonomikoaren barruan. Horrelako proposamenen bidez, saltokien eta herritarren arteko harremana estutu dezakegu, eta gure kaleak bizitu”, adierazi du Nuria Alzagak, Sustapen Ekonomikoko eta Hiri Bultzadako ordezkariak.
Egitasmoan parte hartzeko saltokiek promocioneconomica@irun.org helbidean izena eman beharko dute.


No hay comentarios:
Publicar un comentario