Txinzerreko zuzendaritzak ez duela zintzo jokatu esan dute greban dauden langileek
Txingudiko Zerbitzuak erakundeko zuzendaritzak bilera bat osatu zuen gatazkako bi aldeak elkartzeko xedearekin. Baina bertara ez zen zuzendaria, ez aholkulari juridikoa ezta kanpo teknikaria agertu.
Txinzerreko langileek greban jarraitzen dute, eta adierazi dute, ELA Sindikatuaren bidez, zuzendaritzak egoera blokeatuta duela, eta Hondarribiko eta Irungo alkateek ezin dutela beste alde batera begiratzen jarraitu. Bilera bat izan dute gatazkako bi aldeek, baina langileek adierazi dute zuzendaritzak bilera “huts” bat antolatu duela, non zuzendaria, aholkulari juridikoa eta kanpo teknikaria ez ziren agertu.
“Erabakiak hartzeko ahalmena duten pertsonak ez ziren bilerara agertu. Gainera, egun berean, zuzendaritzak kanpo teknikariarekin bilera bat egin zuen, haien LPT proposamena lantzeko.Argi dago zuzendaritzak ez duela gardentasunarekin jardun, eta gainera, gaizki jokatu dute, fede ona alde batera utziz”, azaldu dute langileek. Horrez gain, horrelako gauzek negoziaketa erabat oztopatzen dutela uste dute langileek.
Argi dute Txinzer erakunde publiko bat izanda, Hondarribiko eta Irungo Udalek badutela zer esatekoa. Igor Enparan eta Cristina Laborda alkateei zuzendu zaizkie Txinzerreko langileak, eskaera zuzena eginez: ez dezaten beste alde batera begiratu. “Biak dira egungo egoeraren erantzule zuzenak: zuzendaritza izendatzen dute, haren jarduna babesten dute eta 115 egunetik gorako greba mantentzen duen blokeo egoera hau ahalbidetzen ari dira”. Aurrera ez egiteko erabaki politiko baten aurrean daudela uste dute langileek.
Aurrera doaz
Berriro ere, adierazi dute negoziaketarik ez balego, grebak aurrera jarraituko duela. “Benetako aldaketarik berehala gertatzen ez bada, grebak aurrera jarraituko du eta mobilizazioak areagotuko dira, presio-maila handituz erakundeak bere erantzukizuna hartzera eta langileen aldarrikapen legitimoei erantzun eraginkorra ematera behartzeko”.


No hay comentarios:
Publicar un comentario