2027ko udal aurrekontua 106 milioi eurokoa izango da
Aurrekonturik handiena izango da datorren urtekoa; zerbitzu publikoetan, segurtasunean eta hiritarrren ongizatean oinarrituta egongo da.
Gaur aurkeztu dute 2027ko udal aurrekontuaren proiektua, 106 milioi eurokoa izango da. Nuria Alzagak, alkateordeak eta Ogasuneko ordezkariak, Gorka Alvarez bigarren alkateordearekin batera proiektuaren xehetasunak azaldu dituzte gainontzeko alderdi politikoen aurrean. Irunek historiako kopururik handiena edukiko du datorren urteko aurrekontuan, eta mantenuan, segurtasunean, bizikidetzan eta ongizatean oinarritutako inbertsioei erantzungo die. 2027ko aurrekontuek %0,46ko gehikuntza izango dute, hain zuzen, 489.000 eurokoa.
Udalak duen ekonomia eta finantza osasun onaren isla dira 2027ko udal aurrekontuak. Udal Finantzaketarako Foru Funtsaren ekarpena hobetu izanak 4,2 milioi euroko hazkundea ekarri du, diru sarrera guztien %61,6 baita. Horretaz gainera, zuzeneko zergak biltzeko 1,4 milioi euroko aurreikuspena eta Egonaldi Turistikoen gaineko Zerga berriarekin lorturiko 600.000 euroko aurreikuspena. “Kudeaketa arduratsu eta eraginkor baten emaitza den zifra historikoa lortzen dugu berriro, baina, batez ere, baliabideak benetan garrantzitsua den horretara bideratuz egiten dugu: gure bizilagunen bizi-kalitatea hobetzera, aukera-berdintasuna bermatzera eta inor atzean geratzen ez dela ziurtatzera”, adierazi du Alzagak.
Aurrekontuak eraikitzeko hiriak behar dituen beharrak aztertu ditugu, horiei erantzuteko erantzun egokia emateko. “Hori guztia, hiri gisa hazten jarraitzeko dugun asmoa islatzen duten proiektu estrategiko eta handiagoak ahaztu gabe”, gehitu du. Bide beretik, Alvarezek adierazi du gobernagarritasun akordioak hiriari egonkortasun politikoa ematen diola. “Anbizio handiko aurrekontua da, hiriko egunerokotasunari erantzuna ematen diona, baina etorkizuneko Irun ere nabarmentzen du; Irun osatzen duten pertsona guztientzako aurrekontuak dira, zerbitzu publikoak indartuz, hiriaren egunerokotasunari erantzunez eta etortzeke dagoen Iruni begiratuz”.
Hiru oinarri
2027ko udal aurrekontuek hiru inbertsio nagusi izango dituzte: segurtasuna, egunerokoa eta pertsonen ongizatea. Segurtasunari emango diote baliorik handiena; zehazki, 11,4 milioi euro bideratuko dituzte. 1,2 milioi euroko igoera iznago du, eta Udaltzaingoaren plantilla handitzeko bideratuko diru partidaren gehiena. Bestetik, 2027-2030 Segurtasun eta Bizikidetza Plan Estrategikoan beste ekintza batzuk jaso dituzte, eta horiek gauzatzeko ere bideratuko dute dirua.
33,87 milioi euroko aurrekontua bide publikoak, ekipamendu publikoak eta hiri mantentzea hobetzen inbertituko dute. Kaleen garbiketa, parkeak eta lorategiak, mantentze-lanak edo argiteria publikoa, adibidez, bai eta oztopo arkitektonikoak kentzea ere, hiriko kaleen eta plazen irisgarritasun unibertsala betetzeko. Udal bulegoak garbitzeko kontratu berria nabarmendu dute, 4,87 milioi eurokoa.
Azkenik, pertsonak erdigunean jarri nahi ditu udal aurrekontuak. 12 milioi eurokoa izango da, %1,77ko hazkundearekin. Behar gehien duten pertsonenganako ikuspegi sozialean jarri dute fokua, eta datorren urtean ere, adinekoei zein gazteei zerbitzuak ematen jarraituko dute, orain arteko kalitateari eutsiz. Lokalak eta espazioak sustatzen jarraitzeaz gain, etxebizitza publikoen eskaintza sustatzea aurreikusten du; horren eredu dira Kale Nagusiko 7. eta 9. zenbakietarako partidak, babes publikoko hamalau etxebizitza eta bi merkataritza lokalekin. Irungo Etxebizitzaren Planak datozen hiru urteetan 1.000 etxebizitza babestu egiten hasteko helburua du.
Kirol instalazioei dagokienez, nabarmentzekoa da Stadium Galeko berdegunea aldatzeko 2 milioi euro aurreikusi dituztela. Bestalde, Artalekuko kristalezko fatxada, eta oro har, kirol instalazioen mantenua eta aldagelak hobetuko dituzte. Ficobako IAM pabiloiaren proiekturako eta Txenpereneako kirol instalazioen proiektuetarako ditu partida bat gorde dute.
Tokikoaren alde
Tokiko merkataritza sustatzen jarrituko du udalak. K-Biziak diru laguntzak bultzatuko dituzte tokiko merkataritza hainbat gunetan suspertzeko eta hutsik dauden lokalak birgaitzeko. Negozio berriak irekitzeko laguntza ekonomikoak eta alokairurako diru laguntzak eskainiko ditu udalak.
Ilusioa eta ardura
Gaur goizean, udal aurrekontuen proiektua aurkeztuta, 20 eguneko epea izango dute zuzenketak aurkezteko eta horiek abenduaren 18rako aurreikusitako ohiko Osoko Bilkuran eztabaidatuko dituzte.
Alzagak etorkizuna “ilusioz eta erantzukizunez” ikusten du: “Hiri honen eta bertako bizilagunen beharretarako kudeaketa eraginkor baten isla dira”. “Talde politiko guztiei, helarazi nahi dituzten proposamenei erantzuteko, irundar guztien aurrekontu proiektu bat diseinatzeko helburuarekin”, amaitu du.


No hay comentarios:
Publicar un comentario