'Las que corren' dokumentala proiektatuko dute Palmera Monteron
Irungo Emakumeen Etxea Elkarteak eta Txingudiko Elkarte Feministak Guatemalako emakume indigenen eskubideen aldarrikapenak pantailara eramango dituzte.
Irungo Emakumeen Etxea Elkarteak eta Txingudiko Elkarte Feministak Las que corren dokumentala proiektatuko dute datorren astelehenean, hilak 9, Palmera Monteron. Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunaren harira hainbat jarduera antolatuko dituzte bi elkarteek, tartean dokumentalaren proiekzioa. Guatemalako emakume indigenen istorioak jasotzen ditu dokumentalak, eta kirola erresistentzia feministako eta eskubideen aldarrikapenerako tresna dela erakutsiko du. “Haien bizipen eta borroken bidez, emakumeen eskubideen defentsan eta berdintasunezkoagoak eta indarkeriarik gabeko komunitateak eraikitzeko bidean egiten diren prozesuak ikusarazten ditu”, azaldu dute.
Euskal Fondoak eta Ikaika Mediak ekoitzi dute. Euskal Fondoa hiru hamarkada daramatza Guatemalan nazioarteko lankidetzaren arloan lanean. Urteotan, hainbat lankidetza egin dituzte, esaterako, Ak’Wank emakumeen lasterketaren eta Behobia Donostia lasterketaren arteko senidetzea, 2011n. Proiektu hauen bitartez berdintasunaren ikuspegia txertatzen ahalegintzen dira. Baita emakume hauen errealitatea gizartera zabaldu eta landiketza publikoak gizarte eraldaketan duen garrantzia nabarmendu ere.
Proiekzioarekin batera, dokumentaleko hiru protagonistek solasaldi bat eskainiko dute. Proiekzioa 18:00etan izango da, eta hura amaitzean, Dilia Co Coyk, Alta Verapazeko departamentuko gobernadoreak; Maria Xolek, Emakume Indigenaren Defendatzaileak; eta, Inocenta Maczek, Demokraziarako Ekimen Zibilaren Fundazioko koordinatzaileak euren bizipenak eta aldarrikapenak bertatik bertara azalduko dituzte.


No hay comentarios:
Publicar un comentario