"Garraio publikoa herritarren mesedetara egon behar du"
Irungo Ernaik elkarretaratzea egin zuen ostiralean udaletxe aurrean, egun daukatena ez dela nahikoa aldarrikatu zuten dozenaka herritarrek.
Irungo Ernaik garraio publikoarekin duten haserrea kalera atera zuen ostiralean. Dozenaka herritarrek bat egin zuten garraio publikoaren alde udaletxe aurrean egindako elkarretaratzearekin. Gipuzkoako Foru Aldundia Lurraldebuseko zerbitzuetan aldaketa ugari egin dute azken hilabetean, eta horrek “haserre bizian” utzi ditu herritarrak. Urtetik urtera, erabiltzaile ugarik erabiltzen dute garraio publikoa eskualdean egunero, eta horregatik, garraio publikoa herritarren mesedetara egon behar duela oihukatu zuten.
“Daukaguna ez da nahikoa”, adierazi zuten. Duela bi aste Azahara Dominguezek azaroaren amaierarako aldaketa berriak iragarri zituen, eta aldaketa horiek “atzera buelta” soil bat dela gaitzetsi dute. “Ez da nahikoa lehendik zeuden autobus zerbitzuak berrezartzea. Maiztasuna handitzea ezinbestekoa da, aspaldidanik saturatuta dauden E21 edo E25 lineetan eta topoan”. Garraio publikoa enpresa publikoek kudeatuko behar luketeela eskatu dute, “benetan publikoa izango den garraio sarea behar dugu”.
Behe Bidasoko herriek egun duten loturak ere seinalatu dituzte, eta horietan hobekuntzak eskatu. Autobusari dagokionez, Donostiako loturak hobetu behar direla adierazi dute; batetik, Ibaetako kanpusera zein Lanbide Heziketara doazen autobusen maiztasunak handitzea, kilometro gutxi batzuk egiteko ordubete behar izaten baitute. Eta bestetik, Bortzirietara doazen autobusek ez dutela bermatzen herrien arteko hartu-emana azaldu dute. “Ez da nahikoa Bortzirietara doan autobusa bi ordutik behin izatea eta azkena arratsaldeko 18:30ean pasatzea”. Topoari dagokionez, berriz, Hendaiara doazen topoak 15 minuturo izan beharko liratekeela adierazi dute, egun osoan zehar jendez lepo baitago.
Eskualdeko datuak “pozgarriak” diren arren, ez datoz bat herritarrek egunerokoan bizitzen duten errealitatearekin. Elkarretaratzean, herritarrek garraio publikoarekiko duten erabilera eta atxikimendua handia dela agerian utzi dute. “2.000.000 erabiltzaile baino gehiago izan zituen Koloneko topo geltokiak iaz. Irunbusek errekorak gainditu ditu azken urteetan, 1.200.000 erabiltzaileen langa gaindituta. E25 linea ere Gipuzkoako erabileneetako bat da”, kontatu dute.
Garraio publiko hobe eta duin baten alde borrokan jarraituko dutela adierazi dute: “Garraio publikoa herritarron mesedetan! Garraio publiko euskalduna Euskal Herriarentzat!”.


No hay comentarios:
Publicar un comentario