EDIT, enpresentzako etorkizuneko pasaporte digitalaren lehenengo urratsak
Bidasoa Bizirikek bultzatutako egitasmoa 160 enpresa baino gehiagorengana zabaldu da; pasaportea nola ezarri jakiteko bi proba pilotu egin dituzte.
Bidasoa Bizirikek enpresak laguntzeko azken egitasmoaren emaitzen berri eman du. EDIT Industria Eraldaketa Ekodigitala proiektuaren azken jardunaldian Pasaporte Digitalaren nondik norakoak azaldu dituzte, baita hura ezartzeko enpresek eskura dituzten baliabideak zeintzuk diren ere. Proiektua 160 enpresa baina gehiagorengana zabaldu dute, arreta berezia jarrita altzarigintzan, nekazaritzako elikagaien sektorean eta ehungintzan.
“EDITen bidez, enpresei lehen urratsak ematen lagundu diegu, lehendik zer informazio duten identifikatzetik hasi eta zer datu bildu behar dituzten jakiteraino. Enpresa txikiek eta ertainek beren egoerara egokitzeko tresnak garatu ditugu”, adierazi du Nuria Alzagak, Bidasoa Bizirikeko presidenteak. Pasaporte digitala nola ezarri behar den jakiteko bi proba pilotu egin dituzte: Algonekin eta Harivenasakin. Proba pilotu horietan, pasaportea beren produktuetan ezartzea probatu dute.
Gainera, prestakuntza espezializatutako bost tailerretan 52 enpresak parte hartu dute, eta horietatik hamahiruk neurrirako laguntza jaso dute eraldaketa prozesuei ekiteko.
Ficoban egin duten jardunaldian pasaportearen proiektua azaldu du Gorka Benitok, IK Ingeniaritzako kideak: “Produktuaren Pasaporte Digitalak produktuei buruzko informazioa eskuratzea errazten dute, eta era berean, haien trazabilitatea hobetzen dute”. Bestalde, MIK-Mondragon Unibertsitateak mahaingurua antolatu du, Anais Iglesiasek antolatuta. Bertan, Algonek eta Harivenasakek euren proiektuak azaldu dituzte: zailtasunak, ikasitakoa eta etorkizuneko urratsak.
“Enpresa bakoitzak abiapuntu desberdina du. Autodiagnostikoaren bidez, enpresek ikus dezakete zertan egin duten aurrera, zer alderdi indartu behar dituzten eta zer urrats egin ditzaketen ondoren. Proiektua amaitu ondoren ere, eskualdeko enpresek baliabide horiek erabiltzen jarraitzea nahi dugu”, azaldu du Estitxu Urtizbereak, Bidasoa Bizirikeko presidenteordeak. Emaitza horiek Pasaporte Digitalaren webgunean eskuragai daude, autodiagnostiko tresna gisa. Galdetegiak digitalizazioaren zazpi alderdi eta jasangarritasunaren hiru ebaluatzen ditu, eta enpresa bakoitzaren egoeraren arabera, proiektuak garatutako hamar eraldaketa ibilbideetako bat proposatzen ditu. Plataformak gainera, pasaportea ezartzeko gidak eta bestelako baliabideak bildu ditu.


No hay comentarios:
Publicar un comentario