Ostiral honetan izango da Beldur Barik gala
Film laburren lehiaketaren gala etzi, hilak 27, izango da Amaia KZn, 18:00etan hasita. Sarrera doakoa izango da, gonbidapenarekin.
Beldur Barik film laburren lehiaketaren gala ostiral honetan, hilak 27, egingo dute Amaia KZn, 18:00etan hasita. Zalantzak zituzten ikus entzuneko teknikariek deitutako greba zela eta, baina azkenean ez dute gala atzeratu beharko. 10 eta 20 urte bitarteko ikasleek film laburrak egin dituzte indarkeria matxistaren ekintzak eta jarrerak ikustarazteko; beti ere, errespetuan, tratu onean eta berdintasunean oinarrituta. Galarako sarrerak doakoak izango dira, baina gonbidapenak eskuratu beharko dituzte esteka honen bitartez.
Ekitaldian tokiko lehiaketaren sariak banatuko dituzte. Era berean, hilabeteotan ikasleek egindako lanari aitortza egingo diote, gazteen inplikazioa, sormena eta konpromisoa kontuan hartuta. Lan hauen bitartez, indarkeriarik gabeko gizarte berdinzaleagoa eraikitzen lagunduko dute.
Sari banaketaren ekitaldian musikak, dantzak eta bestelako adierazpen artistiko batzuek ez dute hutsik egingo. Besteak beste, Emakumeen Etxeko abesbatza, Berdinki Zirkua, Miren Gomezen dantza estudioa eta Udal Musika Eskola izango dira eszenatoki gainean, eta oholtza adierazpenerako, aldarrikapenerako eta askatasunerako espazio bihurtuko dute.


No hay comentarios:
Publicar un comentario