lunes, 19 de mayo de 2025

Beste bost ezki moztu izana salatu du Artiako Lagunakek

Noticia publicada en Bidasoko Hitza, el lunes día 19 de Mayo de 2025.

Beste bost ezki moztu izana salatu du Artiako Lagunakek

Azarotik hamar ezki kendu ditu Udalak dagoeneko. Mozketak 24 ordu baino epe txikiagoan jakinarazi izana salatu du auzo elkarteak, eta kendutako ezkiak ordezkatzeko eskatu du.

Aurreko astean Udalak beste bost ezki kendu izana gaitzetsi du Artiako Lagunak auzo elkarteak, eta azaroaz geroztik hamar ezki kendu dituztela salatu du. Ehun ezkik osatzen zuten ilaratik, 88 gelditzen dira gaur egun.

“Artia auzoaren nortasuna” izateaz gain, ezkien “funtzio ekologiko ordezkaezina” azpimarratu du auzo elkarteak: “zementuzko auzo gris batean aterpe klimatiko naturala eta bizigarria sortzen dute”. Izan ere, zuhaitzek GI-636 errepidean sortzen den “kutsadura akustiko eta atmosferikoa” murriztu, “hiriko beroari aurre”, eta “oinezkoak eta bizilagunak babesten” dituzte.

Gainera, 24 ordu baino gutxiagorekin eman zitzaien berria auzoko bizilagunei, “data, eranskin eta teknikariaren sinadurarik gabeko txosten bidez”. Txostena duela lau hilabetedanik prest dagoela, baina “nahita ezkutatu zela” jakin dutela adierazi du elkarteak.

Duela bost urte, 2020an, 53 talde eta 4.100 pertsonaren sinadurak jaso zituzten ezkiak babesteko eskatuz, eta Udalbatzak aho betez zuhaitzak kontserbatzeko mozioa onartu zuela azpimarratu du Artiako Lagunakek. Haatik, “Udalak ez du kontserbaziorako alternatibarik aztertu: ez adarren murrizketa, ez sustraien euskarriak, ez lurzoruaren hobekuntza”. Moztutako ezkiak ez dituzte birlandatu, eta zuhaitz ilara “progresiboki ezabatzeko estrategia bat” nabari dute.

Erabaki hauen neutraltasuna zalantzan jarri, eta “politikoak” direla salatu du auzo elkarteak, “auzoko zuhaiztiaren suntsiketa progresiboan oinarritzen baita, ikuspegi ekologikorik gabe eta zuhaitzak babesteko benetako borondaterik gabe”.

Lau eskakizun egin dizkiote Udalari: eskatutako informazio guztia bidaltzea, moztutako ezki guztiak birlandatzea, 2020ko Dario Regoyos kaleko ezkiei buruzko mozioa eta Juan Thalamas Labandibar kaleko abiadura 30km/h-ra murrizteari buruzko mozioa betetzea, eta azkenik, gardentasunarekin eta herritarren parte hartzearekiko konpromisoa handitzea. Auzo elkarteko kideek argi dute: “arrisku hilgarria ez da zuhaitza”, “GI-636 errepideko trafiko handiak eta haren kutsadura” baizik.

No hay comentarios: