jueves, 20 de octubre de 2016

“Munduko erlijioak desberdinak diren arren, pertsonok galdera berdinen erantzunak bilatu nahi ditugu”

Noticia publicada en Diario Noticias de Gipuzkoa,el jueves día 20 de Octubre de 2016.

MAIDER IZETA ANDRÉS BIDAIARI ETA ARGAZKILARIA

“Munduko erlijioak desberdinak diren arren, pertsonok galdera berdinen erantzunak bilatu nahi ditugu”

Maider Izetak 32 urte ditu eta bere burua “aldi berean hondarribiar eta irundartzat” dauka, “batean jaio eta bestean bizi” izan delako. Estatu Batuetan bizi da orain eta gaur, Irungo Amaian, munduan zehar egindako bidaia azalduko du.
XABIER SAGARZAZU - Jueves, 20 de Octubre de 2016 - Actualizado a las 06:11h
Maider Izeta Andrés, bidaiari eta argazkilaria.
Maider Izeta Andrés, bidaiari eta argazkilaria.

IRUN 
- Maider Izeta etxean da egun hauetan, laster bere bizileku duen Los Angelesera bueltatzeko prestakizunekin dagoeneko. Bi hilabeteko bidaia egin du munduan zehar eta atzo Tolosan euskaraz egin zuen bezala, gaur Irungo Amaia kultur zentroko hitzaldi aretoan, 19.30etan eta oraingoan gazteleraz, bere ibilbide hori laburtzen duen El mundo a través de las religiones ikusentzunezkoa eta hitzaldia emango ditu.
Zerk eraman zaitu munduari itzulia ematera eta zergatik erlijio desberdinetako leku sakratuak bisitatzearen bitartez?
-Ez dut nire burua pertsona fededun-tzat baina izpirituala naizela, seguru. Zazpi urte egin ditut Estatu Batuetan, oso anitza den herrialde batean. Han, jatorri eta sinesmen desberdinetako jendea ezagutu eta lagun egin dut. Haien erlijioen inguruan ezer gutxi nekiela konturatu eta liburuen bitartez hasi nintzen hinduismoa, budismoa, judaismoa edo fede musulmanarekiko nire ezjakintasun hori ase nahian. Aldi berean, aspalditik nuen munduari buelta emateko bidaia egitearen ametsa, baina ezin izan dut Estatu Batuetatik epe luzerako atera, iaz lau urteko bidearen ondoren, bizileku-baimena lortu nuen arte. Bitarte luze eta zail horretan, honelako bidaia egitea izan da nire ametsa eta ilusioa, eta hura planifikatzen aritu naiz. Horretan konturatu nintzen egin nahi nuen ibilbideak, aldi berean munduko erlijio desberdinetako leku santu edo esanguratsuenetakoetara eramango ninduela. Eta hortik erlijioak bidaiaren ardatz izatea.
Zein da 60 egun horietan egin duzun ibilbidea?
-Uztailaren 31ean atera nintzen etxetik, Irundik, Erroma eta Vaticanora bidean. Handik Jordaniara joan nin-tzen eta egun beteko eskapada egin nuen ere, gertu baitago, Jerusalemera. Ondoren, India, Nepal, Hong-Kong, Tailandia, Singapur eta Indonesian barrena ibili nintzen, beti ere, erlijio desberdinekin zerikusia duten lekuetan barrena. Bidaiaren azken aldian, hain urrutira joan ostean, Australian eta Zelanda berrian izan nintzen, nire mendizaletasuna eta argazkilaritzarako zaletasuna uztar-tzeko aprobetxatu nuen.
Leku guzti horiek ikusi eta erlijio desberdinak nola bizitzen diren ezagutu ostean, zer ondorio atera duzu, halakorik atera baldin baduzu behintzat?
-Bidaia honetatik eta ezagutu dudan jendearengandik ondorio berdina atera dut. Budistak, musulmanak, juduak, hinduistak edo kristauak izan, denok ezerren gainetik pertsonak garela eta gure buruari antzeko galderak egin ohi dizkiogula, bizitzaren zentzuari buruz edo heriotzaren ondoren zer izango garen edo ezari buruz. Eta denok bilatzen dugula ulertuak eta maitatuak izatea. Beti pentsatu izan dut horrela eta Estatu Batuetan jendea ezagutuz eta ondoren, bidaia honekin, tesi hori egiazkoa dela ikusi ahal izan dut.
Estatu Batuetan bizi zara eta herrialde anitza dela esaten da eta zuk hala baieztatzen duzu. Nola ikusten duzu zuk Donald Trump bezalako pertsonaia presidentegai izatera iristea?
-Herrialde irekia eta oso anitza dira Estatu Batuak, baina egia da tentsioa dagoela azken urteetan, ez bakarrik musulmanekiko baizik eta jatorri guztietako etorkinekiko. Hortik sortu da Trumpen fenomenoa, baina ez dut uste presidente izatea lortuko duenik, zorionez. Hain zuzen ere, berak hain anitza den herrialde honetan hesiak eraiki nahi dituelako, zubiak eraiki beharrean. Hori bai, nire sentsazioa da jendea ez dagoela oso gustura bi hautagaiekin. Ez Trumpekin eta ez Hillary Clintonekin ere. Askorentzat, txarraren eta okerragoaren artean hautatzea da.
Enpresa baten marketing sailean lan egiteaz gain, bidaiak eta argazkigintza uztartzen dituen bloga ere baduzu, packandclick.com (edo maletak prestatu eta klik egizu) izenburukoa. Zergatik?
-Los Angelesera iristean, Hollywoodeko kartel ikonikoaren argazki bat ikusi eta hura nondik eta nola egiteari buruz informazioa bilatzen ia erotu nintzen. Hortik izan nuen bidaietako argazkigintzari buruzko bloga idaztearen eta nire bidaietan, argazki ikoniko horietakoak egin eta nondik eta nola eginak ziren azaltzen hastearen ideia. Tutorialak eta trikimailuak azaltzen ditut, eta nire bidaia ere han jarraitu ahal izan da!

No hay comentarios: