jueves, 31 de marzo de 2022

Adaxkak ongi etorria emango dio udaberriari bere emanaldian

Noticia publicada en Diario Vasco,el jueves día 31 de Marzo de 2022.

Adaxkak ongi etorria emango dio udaberriari bere emanaldian

Dantza taldeak, Kemeneko kideekin batera, ikuskizun bat eskainiko du larunbat honetan Amaian


 Taldeko Dantzariak,pandemia baino lehen Amaia Kultur Zentroan eskainitako salo batean./ J.APODAKA

JOANA OCHOTECO Irun.

'Maskaradak. Euskal Herriko inauteriak ospatuz' ikuskizuna eskainiko du Adaxka Dantza Taldeak larunbat honetan 18:00etan Amaia Kultur Zentroan. Kemeneko kideek taldeko harrobia osatzen duten txikiekin batera dantzatuko dute eszenatokian, publiko orokorrari irekia dagoen emanaldian.

Normalean, kurtsoko amaieran eskaintzen duten ikuskizunean «Adaxkako, hau da, Kemeneko harrobiko haurrek, dantzatzen dute bakarrik», azaltzen du Mikel Button taldeko kideak. Aurtengoan, ordea, «irudikapena pixka bat aldatu dugu» eta «talde osoak dantzatuko du, bai helduek eta bai haur eta gaztetxoek, denok elkarrekin». Inauterien inguruko ikuskizuna prestatu dute, «neguko zikloa itxi eta udaberriari» ongi etorria emateko. «Sinbolikoki ere, azken bi urteak izan diren negu moduko hori irudikatzen du. Nolabait, loraldi bat da guretzako emanaldi hau», azaltzen du Mikel Buttonek.

Nahiz eta joan diren inauterietan kalera dantzatzera irteteko aukera izan, larunbatekoa Adaxkak areto itxi batean pandemiaren hasieratik eskaintzen duen lehenengo emanaldia izango da. Iaz, «udan, saioren bat egitea lortu genuen ere, inauterietan atera ginen... Baina egiten dugun lehen saioa formala izango da». Gogotsu daude dantzariak: «taldeak martxan jarraitu du bi urte hauetan», baina emanaldiak eskaintzeko aukerarik gabe «zailagoa da ilusioa mantentzea, eta hare gehiago haur eta gazteen artean». Beraientzat, urteko ikuskizun hau «goxoki» moduko bat da.

Ehun dantzari gazte

Egun, 5 eta 16 urte bitarteko ehun dantzariek, gutxi gorabehera, osatzen dute Adaxka Taldea. «Pandemiak asko eragin digu» partaide kopuruan «eta beherakada namarbena izan dugu. Zentzu horretan, garrantzitsuak dira horrelako emanaldiak eskaintzeko aukera izatea eta lanean jarraitzea, gure ondare kulturalaren parte garrantzitsu hau» mantendu dadin, bai aretoetan eta baita kaleetan.

Maskaradak eta Euskal Herriko inauteriak izango dira larunbateko ikuskizunaren ildo nagusia, non «generazio artekotasuna» garrantzia izango du ere, txikiak, gazteak eta helduak oholtzan batzerakoan. «Guztiok elkarrekin dantza egiten dugu, eta disfrutatu baita ere», azpimarratzen du Buttonek.

Emanaldia ikusi nahi dutenek oraindik aukera dute sarrerak eskuratzeko: salgai daude, 5 euroko prezioan, www.irun.org/sarrerak webgunean edo Luis Marianoko Turismo Bulegoan. Eserleku libre gutxi geratzen dira, baina Adaxka Dantza Taldetik hiritarrak animatzen dituzte azken sarrera hauetako bat eskuratzeko «eta saioaz gozatzeko».

No hay comentarios: