Noticia publicada en Conecta Bidasoa,el miércoles día 19 de Octubre de 2022.
«Bertsoak eta bertsolariak Irunen XIX. mendean» lanaren aurkezpena
Miren Echeveste Euskara Ordezkariak aurkeztu du, Joxan Elosegi eta Aitor Errazkin ikerlari irundarrekin batera
2022ko urriaren 19an, Irungo Udalaren Euskara Arloan aurkeztu da 2020ko Jose Antonio Loidi ikerketa beka irabazi duen lana. «Bertsoak eta bertsolariak Irunen XIX. mendean» lana da eta Miren Echeveste Euskara Ordezkariak aurkeztu du, Joxan Elosegi eta Aitor Errazkin ikerlari irundarrekin batera.
Joxan Elosegi itzultzaile, kulturgile, euskara irakasle eta denbora-pasa sortzailea da, besteak beste. Filologian lizentziaduna, aldizkari ugaritan kolaboratu du (Ustela, Oh! Euzkadi…), eta beste zenbaiten sortzaile ere bada (Plazara, Luma…). 2021eko Euskadi literatur saria irabazi zuen, itzulpenaren atalean, «Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak» lanarengatik. 2004. urtean, Joxe Mari Lopetegi bertsolari irundar errepublikanoaren inguruko liburua aurkeztu zuen.
Aitor Errazkin Vicente Irunen jaio zen 1977an. Lehen Hezkuntzan graduatua eta Hezkuntza Testuinguru Multikultural eta Eleaniztunetan Unibertsitate Masterduna, egun euskara irakaslea da Bidasoko AEK Irungo euskaltegian eta, Irunabar, Irungo Bertsoaren Bilguneko kide ere bada.
Irungo eta Bidasoa ibaiaren bokaleko herrietako XIX. mendeko bertso ondarea aurkezten digu Bertsoak eta bertsolariak Irunen XIX. mendean izeneko proiektuaren araberako ikerlanak. Bi egiteko nagusi izan dira ikerketa honen oinarrian: bertso-sorta eta testigantzen bilketa, batetik, eta haien aurkezpena eta interpretazioa, bestetik.
Datu jakingarri asko eskaintzen du lan honek bertsoei, haien egileei, eta kantatu edo moldatu ziren uneko gorabeherei buruz. Irun izan da ikerlanaren abiapuntua eta, egileak irundarrak izaki, Irungo ikuspegitik aurkeztua dela esan liteke; halarik ere, Hendaian eta Hondarribian bilduriko testigantzen berri ere eman dute, ongi jakinik ezin dela haiek gabe bertako ondarearen berri eman. XIX. mendeko testigantzak ez ezik, XVIII. mende bukaerako batzuk ere bildumaratu dituzte; izan ere, XIX. mendea ikerlanaren denbora esparrutzat hartu den arren, garai haren bezperako lekukotasunak ere gogoan hartu nahi izan dituzte autoreek.
Joxan Elosegi eta Aitor Errazkinek laurogeita hamaika bertso-sorta eta testigantza jaso dituzte guztira, bederatzi ehun eta hogeita sei bertso, hain zuzen ere, eta bertso-sortak dira haietako gehienak, bi heren. Haiekin batean, XIX. mendeko beste ehun bat bertso aurkeztu dituzte autoreek, Bidasoalde honetako ondarea hobekiago ulertzeko aukera ematen duten aldetik. Hogeita bi bertso-emaile eta hogeita bost bertso-doinu bereizi eta identifikatu dituzte guztira. Hala eta guztiz ere, egile ezezagunak dituzte bilduriko bertso eta bertso-sorta askok eta askok.
Bestetik, bertsoen neurriari eta egiturari dagokienez, askotariko aukera eskaintzen du ikerlanak, eta ez da hartan pitxirik, bestetan ageri ez den erakusgarririk edota aipamen berezia merezi duen laginik falta. Euskal Herriko beste leku askotan bezala, berezkoa zuten, berekin bizi zuten, Irungo eta Bidasoa ibaiaren bokaleko herrietako biztanleek bertsoa XIX. mendean, eta errealitate hori islatu du ikerlanak.
Ohiz kanpoko ikuspegia dakar bilduma lan honek Euskal Herriko bertso ondarearen gaineko ikerketa mundura, eskualde ttiki bateko bertsogintzak XIX. mendean eskaini zituen lanen berri ematen duen aldetik. Bestalde, ezinbestekoa dute ikerlan hau, bertako bertsoez gainera, Irun eta Hondarribiko mintzairaren berezitasunak ezagutu nahi dituzten guztiek.
Bekaren ezaugarriak
Ugari dira ikerketa esparruak; antropologia, filologia, toponimia, literatura, osasun publikoa, hidrologia eta botanika. Proiektua, azterlana eta memoria euskaraz egingo dira. Eta bekaren iraupena 12 hilabetetakoa izango da. Bekaren diru-zenbatekoa, berriz, 9.000 eurokoa (gordinak). Eta ikerketa-lanak originala eta argitaratu gabea izan behar du. Beka norbanakoek edo taldeek eska dezakete. Eskatzaileak, Unibertsitatean graduatuak izan behar dira eta euskarako C1 agiria edo baliokideren bat eduki beharra dute (Hizkuntzen Europako Erreferentzia Markoa).
Jose Antonio Loidi
Errenterian jaio zen 1916an. Farmaziako ikasketak egin eta Irunen botikari-plaza 1943an lortu zuenetik, antropologia, filologia, toponimia, literatura, osasun publikoa, hidrologia eta botanikari buruzko ikerketa ugari egin zituen eta urteetan euskal literatur eta zientzia aldizkarietako kolaboratzailea izan zen.
Besteren artean, Irungo etxeetako edateko ura aztertzeko ardura egokitu zitzaion eta seguruenik horrek eta bere jakin-min ase ezinak hidrologiaren inguruko hainbat ikerketa egin eta argitaratzea bultzatu zuen. Lan zientifikoak denbora tarte nahikoa uzten zioenean idazluma dantzatu eta ipuinak eta artikuluak ere idazten zituen euskal literatura eta zientzia aldizkarietarako (Egan, Zeruko Argia, Jakin, Olerti, La Voz de Euskadi, Uranzu, Bidasoan…).
1955ean, Jose Antonio Loidik lehen euskal eleberri poliziakoa idatzi
zuen, “Amabost egun Urgainen”, euskara hutsean. Garai hartako egoera
politikoa, kulturala eta soziala kontuan izanda, meritu izugarria.
Eleberri horri esker, Euskaltzaindiak antolatutako lehiaketan aipamen
berezia jaso zuen eta euskaratik katalunierara itzulitako lehenengo
eleberria izan zen. 1957an Euskaltzain urgazle izendatu zuten eta 1998an
ohorezko kide.
1999ko uztailaren 9an zendu zen Irunen, berak sortutako Luis de Uranzu Kultur Elkartearen ohorezko presidente zelarik.
No hay comentarios:
Publicar un comentario