Noticia publicada en Conecta Bidasoa,el domingo día 22 de Mayo de 2022.
Udan euskara ikasteko aukera
Maiatzaren 30etik ekainaren 9ra izango da Irungo Udal Euskaltegiko udako ikastaro trinkoetan izena emateko epea
Udal euskaltegiak ikastaro trinkoak eskainiko ditu uztailean eta abuztuan, eta langabezia egoeran daudenentzat LANNAHI programa eskainiko du. Bi urteren ostean, normaltasunera itzuliko gara, eta udako ikastaroak aurrez aurre eskainiko dira.
Euskara ordezkariak, Miren Echevestek, azpimarratu nahi izan duenez, «bi ikasturte eman ditugu aurrez aurreko eta urrutiko eskolak uztartuta, eta iritsi da unea berriz ere aurrez aurreko eskoletara iristeko. Hortaz, segurtasunez esan dezakegu Irungo Udal Euskaltegia normaltasunera itzuliko dela uztailetik aurrera, eta datorren ikasturtean ere ikastaroak aurrez aurre izango direla».
Uztaileko ikastaro trinkoa hil horren 4an hasi eta 29an bukatuko da eta 9:00etatik 13:15era arteko ordutegia izango du. Abuztukoa, hilaren 1ean hasi eta 26an bukatuko da ordutegi berarekin.
Ikastaro trinko hauen prezioa 69,40 eurokoa da, baina asistentzia eta aprobetxamendu ona duten ikasleek udalak euskara ikasteko ematen dituen bekak eskuratu ahal izango dituzte. Beka honen bitartez matrikula prezioaren %100a arte jaso dezake ikasleak. Ikastaro trinkoetan interesa duten pertsonak aipatu egunetan (maiatzaren 30etik ekainaren 9ra) Udal euskaltegira (Urdanibia plaza, 5) hurbildu behar dira bulego ordutegian 10:30-13:30 goizez eta 16:30-19:00 arratsaldez.
LANNAHI
Udalak, gainera, ikastaro trinko hauen data eta ordutegi berean doako ikastaroak eskaintzen dizkie langabezia egoeran dauden ikasleei LANNAHI programaren bitartez.
Interesatuek maiatzaren 30etik ekainaren 9ra egin beharko dute izenematea SAC24h zerbitzuaren bitartez (www.irun.org/sac) IRUN TXARTELA edo beste ziurtagiri elektroniko batzuk erabiliz (NA elektronikoa, IZENPE txartela..). Hala nahi badute, HAZSACeko autozerbitzu terminalak erabili ahal izango dituzte honetarako.
Izena emandakoek mailaketa proba egin behar dute udal euskaltegian maiatzaren 30etik ekainaren 9ra, 10:30-13:30 goizez eta 16:30-19:00 arratsaldez.
No hay comentarios:
Publicar un comentario