Noticia publicada en Bidasoko Hitza,el miércoles día 18 de Octubre de 2023.
Irungo Udalak eta Oriepsi-Orain elkarteak nerabeen artean teknologien erabilera txarra prebenitzeko programa aktibatu dute. Irungo ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako irakasleei, gurasoei eta Seigarren Mailako ikasleei zuzendutako iniziatiba da.
Irungo Udalak eta Oriepsi-Orain elkarteak nerabeen artean teknologia berrien erabilera txarra prebenitzeko berariazko lehen programa aktibatu dute. Egitasmoak Tekno klik izena du, eta udalaren Adikzioak Prebenitzeko IV. Planaren parte da. Tekno klik Irungo ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako irakasleei, gurasoei eta Seigarren Mailako ikasleei zuzendutako iniziatiba da, eta gaur goizean aurkeztu dituzte programaren nondik-norakoak Cristina Laborda udaleko Gizarte Ongizateko ordezkariak eta Mikel Cerezo Oriepsi-Orain elkarteko kide eta formakuntzaren tailerren arduradunak.
Tailerrak urrian hasi eta otsailean bukatzea aurreikusi dute antolatzaileek. Ikasturte honetan hiriko zortzi ikastetxek hartuko dute parte. Orotara, 19 ikasgelak, 415 ikaslek eta 53 irakaslek jasoko dute gailu teknologikoak egoki erabiltzeari buruzko prestakuntza. Zenbait gurasok ere bat egingo dute formakuntzarekin.
Saioetan nerabeek gailu teknologikoak erabiltzen ematen duten denbora landuko dela jakinarazi dute, baita beste jarduera batzuekin oreka gorde beharra ere. Besteak beste: pribatutasunaren eta intimitatearen kudeaketaz hitz egingo da; pantailak kontrolik gabe erabiltzearen arriskuak azalduko dira, hala nola, ziberbullyinga, ziberjazarpena edota online apustuak.
Formakuntza ordubeteko bi saiok osatuko dute. Tailer horietan parte hartzea sustatuko dela adierazi dute, eta xedea da ikasleek teknologia berriak erabiltzen izandako esperientziak kontatzea, komunikaziorako ingurune libre bat sortuta. Gauzak horrela, arrisku jarduera posibleak ezagutzen eta hautematen ahaleginduko dira, horiei konponbidea bilatzeko.
Horrez gain, saioen bidez honakoak lortu nahi dituztela baietsi dute: adingabeek teknologiak nola erabiltzen dituzten ikustea, jokamolde arriskutsuak hautematea eta horiek saihesteko segurtasun eta pribatutasuneko oinarrizko estrategiak eskaintzea.
Dekalogoa
Berritasunen artean, gurasoei zuzendutako pantailen erabilerari buruzko jardunbide egokien dekalogo bat prestatu dutela nabarmendu dute. Gida horrek ereduaren bidez heztea proposatzen duela aurreratu dute, pentsamendu kritikoa sustatuta eta familiako aisialdi aukerak eskainita. Dekalogo horretan jasotako gomendio guztiak Irungo Udalaren webgunean kontsulta daitezkeela zehaztu dute.
Beste prebentzio programak
Tekno klik egitasmoaz gain, Irungo Udalak beste programa batzuk ere baditu adingabeen artean substantzien kontsumoa eta IKTen abusua prebenitzeko: Adikzioen prebentzioa bigarren hezkuntzan, lanbide heziketan eta batxilergoan eta Adikzio aurretik & Frenatzeko arrazoiak.
No hay comentarios:
Publicar un comentario