Irun eta Hendaia arteko 1,2 kilometroko bidegorri berria inauguratu dute
Santiagoko bidegorria Plaiaundi ikastetxearekin lotzen du bide honek eta 3,4 milioi euroko inbertsioa egin dute. Argiztapena udaberrirako egitea aurreikusi dute.
Bidasoa ibaiaren gainetik Irun eta Hendaia batzen dituen 1,2 kilometroko bidegorria inauguratu dute gaur ekitaldi instituzional batekin. Bertan izan dira Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua, Josu Bilbao Ingurumeneko sailburuordea, Cristina Laborda alkatea eta Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Jasangarritasuneko foru diputatua.
Bidegorri hau oinezkoentzat eta txirrindularientzat izango da eta Jauregi sailburuaren esanetan, badian autoz egiten diren mugikortasun modua ordeztuko du. Halaber, emisio gutxiago sortuko dituen proiektu baten alde egin dutela adierazi du. Orotara, 3,4 milioi euroko inbertsioa egin dute eta 2023ko urrian ekin zioten lanei.
Pasarelaren xehetasunetara jota, 3,5 metroko batez besteko zabalera dauka, eta Santiagoko bidegorria, Plaiaundi ikastetxearekin lotzen ditu. Zehazki, Pierre Loti pasealekua zeharkatzen du bide berriak, eta %6 eta %3 arteko aldapak ditu.
Obra hau plan baten barruan dago, hain zuzen, Txingudiko badiaren inguruko naturguneak berritu eta haien arteko konektibitatea hobetzeko plan gidariaren parte da. Jauregi sailburuak onartu du “urrats berriak” egitea falta zaiela eta aurrera egiten jarraitzeko funtsezkotzat jo du erakundeen arteko elkarlana.
Bide horretan, bidegorri hau Hondarribiraino iristea da proiektuaren asmoa, eta sailburuak adierazi du Espainiako gobernuaren erantzunaren esperoan daudela pasarela Hondarribira iristeko. Datozen asteetan bilduko dela haiekin aurreratu du.
Bidegorria argiztatzea falta da gaur aurkeztu duten zatia burututzat emateko eta Asensio diputatuak aurreratu du 310.000 euroko inbertsioa egingo dutela horretarako. Bidegorriaren lagapen esleipena egiten dutenean hasiko dira argiztapen lanekin, udaberri aldera. Bereziki emakumeentzat eta adinekoentzat seguru izateko argiztatuko dutela azaldu du Asensiok.
Aparkaleku berria
Gaurko ekitaldian Plaiaundi ikastetxearen ondoren aparkaleku berri bat egin dutela ere iragarri dute. Aparkalekuarekin ikastetxeko ikasleek eta Ekoetxearen joaten direnen beharrak “hobetu” egin nahi izan dituzte.
Guztira, autoentzako 32 plaza ditu eta espaloi perimetralak dituen lorategi gune bat ere badago bertan. Bizikletentzako aparkalekua sortu dute ere.
No hay comentarios:
Publicar un comentario