Babesleku klimatikoetarako EAJren 15.000 euroko zuzenketa adostuta
Aterpe Klimatikoen azterketa bat osatzea da asmoa, Irunen topa daitezkeen bero irletan, bereziki, lorategiak eta zuhaitzak landatzeko.
Udal gobernuak EAJren babesarekin lortu zuen 2024ko “aurrekontu historikoak” onartzea eta trukean hainbat zuzenketa adostu zituzten. Bide horretan, babesleku klimatikoak sortzeko 15.000 euroko zuzenketa txertatu zuten jeltzaleek.
Aterpe Klimatikoen azterketa bat osatzea da asmoa, Irunen topa daitezkeen bero irletan, bereziki, lorategiak eta zuhaitzak landatzeko. Babesleku klimatikoak itzalaz eta ur freskoaz gozatzeko guneak dira eta baita ere erosotasun termikoa dutenak, herritarrei “lasai eta atsegin” egoteko baldintzak eskaintzen dituen natur guneak dira.
Gaur egun identifika daitezkeen aterpe klimatikoak “epe laburreko irtenbide” direla azaldu du EAJk eta, horregatik, Irungo hainbat gune hozteko eta klima aldaketara egokitzeko estrategiak ezartzea proposatu dute. “Adibidez, espazioak birnaturalizatuz” gaineratu dute.
Aldaketa klimatikoari aurre egiteko EAJk proposatu dituen planteamendu guztiak “erantzun tinko bat eman eta gure hiria prestatzen hastea” dutela helburu diote. Era berean, proposamen horiek, Eusko Jaurlaritzak 2019ko uztailaren 30ean formalki adierazi zuen atalaren parte dira, hau da, klima eta ingurumen larrialdi egoeran.
Udal kudeaketak parte “aktiboa” behar duela izan diote, “betiere erakunde bakoitzak dituen eskumenak kontuan hartuta eta errespetatuta”. Datu batzuk eman dituzte, esaterako, 1,5etik 3,5 zentimetrora igo dela itsasoaren maila AZTIren arabera eta “horrek zuzenean eragiten dio Iruni”.
Hala, klima aldaketak datozen urteetako aurrekontuetan eta udal ekintzetan islatuta egon behar dutela uste du EAJk. “Hau izan da gure asmoa, eta lortu ere lortu dugu. Urrats txikiak gaur… biharko konponbide handiak”.
No hay comentarios:
Publicar un comentario