Tech Irun gazteentzako tailerren balorazioa egin dute
Tailerrak "arrakastatsuak" izan direla esan du Miguel Angel Paez Bidasoa Bizirik-eko presidenteak.
Gabonetako oporretan egin ziren Tech Irun gazteentzako teknologia tailerrak. Bi txandetan banaturik, 40 gaztek parte hartu zuten Irun Ekintzan Ekonomiaren eta Enpleguaren Garapenerako Itunak sustatzen dituen ekintza horietan. Urtero bezala Bidasoa Biziriken lankidetzan antolatu ziren.
Lehen txanda hilaren 26an hasi zen. Bi tailer egin zituzten: Abentura robotikoa eta Labirinto magikoa, eta Mecanum robot car eta Tinkercard proiektuak. Lehena, 11 eta 13 urte bitarteko gazteentzat izan zen; bigarrena, 8 eta 11 bitartekoentzat.
Urtarrilaren 2an ekin zioten bigarren txandari. Lehengoan egin zuten bezala adinaren araberako bi talde sortu zituzten. Saio horietan estazio meteorologiko bat sortu eta Markekode Arcade proiektua landu zituzten.
Tech Irun tailerrek txikitatik bokazio zientifikoa eta teknologikoa sustatzea dute helburu, arazoak konpontzeko logika eta sormena garatuz. Besteak beste, programazioa, robotika, diseinua eta 3D inprimaketa edo adimen artifiziala kontzeptuak lantzen dituzte.
Aurtengo edizioarekin oso pozik daudela azaldu du Miguel Angel Paez Bidasoa Bizirik-eko presidenteak. Bereziki arrakastatsuak izan direla esan du, 170 pertsonak baino gehiagok bidali baitzuten horietan parte hartzeko eskaera.
No hay comentarios:
Publicar un comentario