Bertso bazkari musikatua egingo da Katea auzo elkartean
Urtarrilaren 20an izango da, eguerdiko 14.00etan, eta sarrerak 15 euroan eskuratu ahal dira Irungo zenbait tabernetan
2024ko Korrika Irundik hasiko dela-eta, Bidasoako AEK eta eskualdeko gainontzeko euskara eta kultura eragileak martxoaren 14ra bitarteko asteak girotzeko lanetan hasi dira.
Testuinguru horrekin, lehen ekitaldi gisa Irunabar, Irungo bertsoaren bilguneko hainbat kidek eta inguru hurbileko lagunek osatu duten halako bertso-banda-ren saioa antolatu dute Katea-Landetxako auzo elkartearekin batera. Bertso bazkari musikatua izango da, urtarrilaren 20an egingo dena. Bertsolariak Adrian Arruti, Abel Zabala, Aitor Errazkin eta Manu Goiogana izango dira; musikariak, aldiz, Iban Clemente, Beñat Elosegi, Rafa Rodrigo eta Maddi Sanz, eta guzti horien artean, lokailu lanetan, gai jartzailea Gotzon Aizpiolea izango da.
Esan bezala, hitzordua urtarrilaren 20an izango da, larunbata, eguerdiko 14.00etan, Katea-Landetxako auzo elkartean (Bizkaia kalea, 15). Jatekoa Irungo Eguzki-tzaldea kalean dagoen Larrea Hurbileko Elikadura dendak prestatuko du. Sarrerak 15 euroan eskuratu ahal dira udalerriko Hazia (Peña Kalea, 9), Depor (Urdanibia Plaza, 2), Aranaztarra (Korrokoitz Karrika, 21), Otazpi Berri ( Arbiun Plazatxoa, 2) eta Itzala (Harmugarrieta Kalea, 7) tabernetan. Horiek erosteko azken eguna datorren igandea, urtarrilak 14, izango da. Bazkaltzeko aukera beganoa ere eskainiko du Larreak, baina hori nahi duenak WhatsApp mezu bat bidali beharko du 747 425 434 telefono zenbakira.
No hay comentarios:
Publicar un comentario