Kale inkestak, etxeetako energia kontsumoaz galdetzeko
Hiria Berroneratzeko Eragileen taldea sortu dute eta Irungo etxeetako energia kontsumoaren gaineko informazio ezberdina biltzen arituko dira gaur hasita. Horrez gain, aholkuz betetako liburuxka bat ere oparituko dute.
Herritarren artean iraunkortasuna sustatzeko helburuarekin kale inkesta batzuk egiteko taldea sortu du udalak: Hiria Berroneratzeko Eragileen taldea. Laneratze enplegu programa baten bideez eratu dute eta alor desberdinen gaineko kale inkestak egiten egongo dira. Hala azaldu dute gaur goizean Borja Olazabal Garapen Jasangarriko ordezkariak eta Miguel Angel Paez lehen alkateorde eta Ekonomia eta Ogasuneko ordezkariak.
Herritarrei zuzenean eragiten dieten gaiak herritarrei zuzenean galdetzearen garrantzia azpimarran jarri du Olazabalek, “jasangarritasunaren alorrean aurrera egin behar delako”. Izan ere, bigarren Irungo Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Programa (HMJP) onartuko dute aurten eta denek egin dezaketela ekarpena ziur da ordezkaria.
Emisio Txikiko Eremua hirian ezarri beharra daukate ere eta horretan herritarrak eragile “garrantzitsuak” izango direla adierazi du Olazabalek. “Haien kezkak kontuan hartuko ditugu aurrean dugun hiriaren etorkizun berriaren garapenean” gaineratu du.
Hiria Berroneratzeko Eragileen taldea
Kale inkestak egiteko sortu duten taldera bueltatuta, Eusko Jaurlaritzak finantzatu eta Lanbide eta Bidasoa bizirikek gidatu duen proiektu pilotua dela azaldu dute. “Lan merkatutik urrunen dauden pertsonak gizarteratzeko eta laneratzeko” xedea duela dio udal ordezkariak. Orotara hamar kide dira taldearen parte eta enplegagarritasuna hobetzea da eskaini zaiena, prestakuntza eta lan esperientzia txandaka emanez urte betez.
Azaroan hasi zen programa hau eta lehen bi hilabeteak prestakuntzara bideratutakoak izan ziren. Urtarrilean beraien lanaldiaren %35eko prestakuntzarekin jarraitzen dute, eta jardunaldiaren %65 Irungo Udalak kontratatzen du, informazioa biltzeko, sentsibilizatzeko eta beste hainbeste. Halaber, lan orientazioko eta laguntzako saioak jasoko dituzte.
Paezek esan du udalak enpleguari laguntzeko lerro berri bat jarri duela martxan horrela eta enplegagarritasunari laguntzen dion prestakuntza eskaintzen duela.
Inkestak
Lehen inkestak gaur hasiko dituzte eta San Juan, Zabaltza eta Pio XII plazetan egingo dituzte eta, gero, hiriko beste tokitan ibiliko dira. Etxeetako energia kontsumoa eta gastua, eta energia efizientzia eta zer ezagutza dituzten energia berriztagarriei buruz galdetuko dute. Era berean, informazioa biltzen arituk dira energiaren kontsumoari eta arlo horretako ohiturei buruz eta aholkuz osatutako liburuxkak banatuko dituzte.
Hilaren 22tik aurrera, berriz, telefono bidezko inkestak egingo dituzte etxeetako energia kontsumoari buruz informazioa jasotzeko. Horretarako, hiriko etxebizitzen lagin adierazgarri bat hautatu dutela aurreratu dute. Deiak Siadeco enpresak egingo ditu eta erantzunak erabat anonimoak izango direla diote.
No hay comentarios:
Publicar un comentario