Lurraldebusek zerbitzua hobetuko du Oarsoaldean eta Bidasoan
Azahara Dominguez diputatuak sei alkateei aurkeztutakoaren arabera, ordutegiak zabaldu, ibilbide batzuk zuzendu eta maiztasunak hobetuko dira, herritarren "benetako beharrei" erantzuteko.
Lurraldebusek Oarsoaldea eta Bidasoa eskualdeetan ematen duen zerbitzua aldatuko du herritarrek dituzten “benetako beharrei” erantzuteko. Azahara Dominguez Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua Irungo, Hondarribiko, Errenteria-Oreretako, Lezoko, Oiartzungo eta Pasaiako alkateekin bildu zen astelehenean, Luraldebusen zerbitzu proiektu aldatua azaltzeko.
Bilera “sintonia onean” joan eta “eraikitzailea” izan zela adierazi du aldundiak. Dominguezek aurkeztutakoaren arabera, proiektu berriak 196,5 milioi euroko aurrekontua izango du datozen hamar urteetarako. Proiektu horrekin, gainera, Lurraldebusen zerbitzua “nabarmen hobetuko” dela baietsi zuen diputatuak; izan ere, ordutegiak zabaldu, ibilbide batzuk zuzendu eta maiztasunak hobetuko direla jakinarazi zuen Dominguezek, herritarrek dituzten “benetako beharrei” erantzuteko.
Honakoak dira proiektu berriak aurreikusten dituen hobekuntza orokorretako batzuk. Udalerri guztiek jaso ahal izango dituzte onura horiek:
- Ordutegien luzapena. Eguneko zerbitzua goizeko 05:00-05:30etik gaueko 22:30-22:55era luzatuko da. Aldaketa horrek beste linea batzuetara aldatzea eta garraioa hobetzea erraztuko du.
- Larunbat, igande eta jaiegunetan ia 24 orduko zerbitzua emango da, eguneko zerbitzuek gaueko zerbitzuekin jarraituko baitute.
- Ospitaleekin, Policlinicarekin, Miramongo Parke Teknologikoarekin eta Ibaetako EHUko campusarekin eguneroko konexioak ezarriko dira, zerbitzuak langile eta ikasleen sarrera eta irteera ordutegietara egokituz.
- Donostiako autobus geltokitik ateratzen diren ibilbide luzeko lineekin lotzeko ordutegiak egokituko dira.
- Edukiera handiagoko ibilgailuak erabiliko dira. 64 autobus izatetik 57 izatera pasa arren, plaza kopurua 3.266tik 5.300era igoko da.
- Irun eta Hondarribia Donostiarekin duten loturetan, gehienez 30 minutuko maiztasuna bermatuko da.
Hobekuntza espezifikoak
Era berean, aldundiak zenbait “hobekuntza espezifiko” aurreikusi ditu udalerrietarako. Hondarribian, esaterako, linea zuzen bat sortuko du Donostia eta aireportuaren artean. Aldaketa horrek “ibilbide denborak hobetuko” dituela nabarmendu dute, zerbitzua linearen buru izateari utziko baitio. Horrez gain, maletentzako lekua duten ibilgailu bereziekin emango da zerbitzu hori. Loiolako Erriberatik sartzen den linea ere berreskuratuko da, “ibilbidearen denborak hobetuz”.
Aldundiaren arabera, Errenteria-Orereta eta Donostiaren arteko zerbitzua “modu eraginkorrean” berrantolatuko da. Horrela, lineen koordinazioa “hobetu”, igarotze tarteak “homogeneizatu” eta Beraun auzoari “zerbitzu hobea” emango zaiola jakinarazi dute, ospitaleen eremuarekin lotura espezifikoak eginez.
Pasaiaren kasuan, geltoki berri bat sortuko dute Pasai Antxoko ekialdean, ospitaleekin konektatuta egongo dena. Trintxerpeko goiko aldean, gainera, ibilgailu “berezi” bat egongo da, zerbitzu gehiagorekin.
Dominguezek adierazi du Lurraldebusen zerbitzu aldaketak “erabiltzaileen beharrei erantzun hobea” emateko sartu direla: “Mugikortasun Departamentuan garraio publikoko sistema jasangarri, seguru eta eraginkor baten aldeko apustua egiten dugu, herritarren beharrei erantzungo diena, gipuzkoarrek autobusean alternatiba erosoa eta segurua ikus dezaten eguneroko joan-etorrietarako. Horrela, Gipuzkoa ingurumenaren aldetik jasangarriagoa den lurraldea bihurtzen laguntzen dugu, baina baita gizarte arloan bidezkoagoa ere; izan ere, dagoen eskariari egokitzen zaion eta etorkizuneko beharrei aurrea hartzen dien garraio sistema izateaz gain, hobari sistema bat ere badu, Mugi, gure herrialdean erreferente dena”.
No hay comentarios:
Publicar un comentario