Elikaeskolak eta Parean Elkarteak elkarlanean antolatutako ‘Presio estetikoaren eragina osasun fisiko eta mentalean’ hitzaldi programaren bigarren saioa datorren asteartean, apirilak 8, egingo da Irungo Palmera Montero Guneko 2. aretoan, 18.30ean. Oraingo honetan elikadura nahasmenduak izango dituzte hizpide eta horiek nola detektatu azalduko dute.

Izan ere, haur eta nerabeen artean elikadura nahasmenduak lehentasunezko gaitz mental bilakatu dira, Osasunaren Mundu Erakundearen arabera. Pandemian nabarmen egin zuten gora neska gazteen artean, muturreko kasuak areagotu egin ziren, eta arazoa kezkagarria izaten jarraitzen du oraindik ere. 

“Argaltzeko dieta murriztaileak egitea, gehiegizko ariketa fisikoa egitea, osasungarritzat jotzen diren elikagaiak bakarrik jatea, astean zehar zorrotz eta zurrun jatea eta asteburuan sekulako betekadarekin bukatzea, bazkari edo afari bat konpentsatzeko ariketa fisiko gehiago egitea, baraualdiak egitea eta beste jokabide asko normalizatuta daude bizi garen dietaren kulturan”, azaldu dute. Hala ere, nabarmendu dutenez, “normalizatuta egoteagatik ez dira osasuntsuak”. Hori dela eta, oso garrantzitsua da haiek identifikatzen ikastea, nola kudeatu edo hobetu jakiteko.

“Elikadura nahaste bat izatera iritsi gabe, pertsona askok sufritu egiten dute janariarekin eta gorputzarekin lotutako pentsamendu, sinesmen eta portaerengatik Gainera, kasu askotan, arazo bat dagoela konturatzen garenerako, arazoa oso errotuta egoten da, eta, kasu horretan, zailagoa izaten da errekuperazioa”, gehitu dute.

Hitzaldia doakoa eta euskaraz izango da, baina pantailan gaztelaniazko aurkezpenek lagunduko dute solasaldia.