martes, 3 de enero de 2023

90.295.000 euroko aurrekontua du Irunek 2023rako

Noticia publicada en Bidasoko Hitza, el lunes día 2 de Enero de 2023.

90.295.000 euroko aurrekontua du Irunek 2023rako

Abenduaren 29an onartu zen orain arteko aurrekontu potoloena. Udal gobernuko alderdien babesa jaso zuen, EAJ eta PP abstenitu eta EH Bilduk kontra egin zuen bozka.

Iazko abenduaren 29ean sei orduko osoko bilkura egin zen udalbatzan eta 90.295.000 euroko aurrekontua onartu zuten. PSE-EE eta Elkarrekin Podemosen aldeko botoak jaso zituen soilik; PP eta EAJ abstenitu egin ziren eta EH Bilduk kontra bozkatu zuen.

Dena den, zuzenketa batzuk onartu ziren, 521.500 eurokoak, eta sozietate publikoen aurrekontuak kontutan izanda aurrekontua 95.654.336,47 eurokoa izango litzateke. Guztira 71 zuzenketa aurkeztu ziren eta horietatik 26 izan ziren onartu zituztenak.

PP-ren 7 zuzenketa onartu zituzten, 156.000 euroko balioa dutenak eta osoko bilkura aurretik adostasuna lortzeagatik onartu direnak. Oro har, talde guztiak abstenitu egin ziren beste alderdien zuzenketen bozketan, EH Bilduk proposatutako Alardea antolatzearenean izan ezik. PSE-EE eta EAJ aurka izan ziren, PP abstenitu egin zen eta EH Bildu eta Elkarrekin Podemosek alde bozkatu zuten.

2023rako aurrekontua 90 milioi eurotik gorakoa da eta aurreko urtekoarekin alderatuz %9,3ko igoera izan du. Alta, funtsezko arloetan ez dela igoera esanguratsurik aurreikusi dio Oihana Brionesek gidatutako taldeak: “Gizarte ongizate arlora aurrekontu osoaren %11 bideratuko da, aurreko urtearen portzentai berdina”. 

Herritarren ongizatearen aldeko apustu sendo falta dagoela salatu du EH Bilduk, aintzat hartuta azken urteetako aurrekonturik altuenak direla eta beharrak areagotu egin direla. “Funtsezko arloetako inbertsioak neurri berdinean handitzeko aukera bazegoen, baina ez da hala egin”.

Justizia sozialaren aldeko apustu garbia egiteko aukera galdu duela udal gobernuak deitoratu dute ere. “Irunek gehiago merezi zuen eta horregatik abenduaren 29an aurrekontu hauen aurka bozkatuko dugu”.

Zuzenketak aurkeztu zituen EH Bilduk,  bost ardatzetan bereizitakoak: “Hiriaren errealitatea islatzen duen proposamenak mahai gainean jartzeaz gain, gaur egungo gizarteak dituen erronka handiei eta oinarrizko beharrei erantzuteko”.

Bost ardatzak

Energiaren Agentzia Berdea sortzea proposatu dute, pobrezia energetikoari aurre egiteko diru laguntzen bidez edota energia komunitateak bultzatuz.

Hirugarren kiroldegi bat galdegin dute hiriaren mendebaldean, San Miguel, Anaka edota Katea auzoak dauden ingurua litzateke. Estalpeko kirol instalazio publikoak gainezka daudela salatu dute, eta hortaz, kirola egiteko aukera kirol federatuen instalakuntzetara mugatzen da. Estrategia kirol praktika sozializatzean zentratu du koalizioak, “irundar orok gaur egun ez duen espazio hori eskuragarri izan dezan”.

Plaiaundiko zelaian hobekuntzak egitea nahi dute, eta bestetik, instalazio horietan mugaz gaindiko txapelketa bat egitea proposatu dute, “Irungo haurrek Iparraldeko eta Bortzierietako taldeekin jolasteko aukera izan dezaten, eta aisialdiaren eta kirolaren bidez gure eskualdeko aberastasuna transmititzeko”.

Hirugarren ardatza bakardadeari aurre egitekoa litzateke eta horri aurre egiteko zerbitzu bat martxan jartzea, hiriko auzo guztietan. “Bakardade egoera horiek hobeto eta azkarrago identifikatzeko aukera ematen du horrek, eta udala herritarrengana hurbiltzeko ideiarekin lotura zuzena du”.

Bestetik, etxegabetze bat pairatu duten familiei bideratzen zaizkien gizarte larrialdietarako etxebizitzak erostea eskatu du EH Bilduk. Politika hauei kalean bizi direnentzako eguneko jardueretarako programa bat proposatu dutela gehitu behar zaio. Azken proposamen honi uko egitea ulergaitza da abertzaleentzat, “hiritik ibiltzen den edozein herritar habetzen da egoera gogor hauen existentziaz”.

Azken bi ardatzek berdintasuna eta euskara dituzte hizpide. Horren harira, Irungo Udalak 2023ko Alardea antolatzeko diru partida proposatu dute. Uste dute garaia dela udalak bere ordenantza bete eta hiriaren ondare hau berreskuratzekoa. “Hala egin ezean, udalak berdintasunaren izenean egiten duen edozein diskurtso zalantzan jarriko dute herritarrek, arrazoi osoz, gainera”.

Alardea antolatzearen proposamenak bereizketak eragin zituen udalbatzan. PSE-EE eta EAJk aurka bozkatu zuten, eta Elkarrekin Podemosek abertzaleen proposamena babestu zuen. PP abstenitu egin zen beste behin.

Euskara Irungo klubetan sustatzea da EH Bilduren 2023rako xede nagusia. Horretarako programa bat planteatu dute, teknikariak eta begiraleak trebatzeko eta euskara kirolerako hizkuntza bilakatzeko. Asiari lotuta programazio handiago bat eskatu dute ere.

No hay comentarios: