martes, 31 de enero de 2023

Oinaurreko ingurabideko lanen bigarren faseari ekin nahi dio udalak

Noticia publicada en Bidasoko Hitza,el martes día 31 de Enero de 2023.

Oinaurreko ingurabideko lanen bigarren faseari ekin nahi dio udalak

2021ko abenduan ireki zen Irungo bigarren ingurabidea, hegoaldea ekialdearekin batzen duena. Oraindik Behobiara iristea falta da, eta horretarako lanean hasi da Irungo Udala.

Oinaurre eta Egiluzeko komentua batzen dituen hegoaldeko saihesbidea 2021ko abenduan zabaldu zuten, lanen lehen fasea amaitu zutenean. Orain, Dolores Salis kaleraino iristeko bigarren faseari ekin nahi diotela jakinarazi dute gaur Miguel Angel Paez Hirigintzako ordezkariak eta Cristina Laborda Obretakoak.

Irungo Udalak bigarren fasearen proiektua idazteko agindua eman du, eta trazadurarako alternatibak aztertzen ari dira. Dena den, bigarren faseari ekiteko Foru Aldundiak bere konpromisoa betetzea behar dutela adierazi du Paezek. “Izan ere, haiek dira errepideen administrazio eskuduna, eta kontuan izan behar da defizit historikoa pairatu duela gure hiriak”.

Urratsak ematen ari direla dio Labordak, baina Aldundiak baliabide ekonomikoak jartzea falta dela. Bien bitartean, bigarren bilera bat egingo dutela kontu hauek jorratzeko aurreratu zuen zinegotziak. “Ez dugu eskatuko beste kasu batzuetan egin denaren kontrako ezer”.

Saihesbidea gaur egun

Saihesbidearen helburua hiriaren hegoaldea eta ekialdea batzea izan da. Era horretan, hiriaren alde horietan bizi direnek ez dute hiri erdigunea zeharkatu behar alde batetik bestera joateko. Baina, eraginkortasunari osotasun bat falta zaio: Behobiaraino iristea, “benetako eragina izan dezan”.

Horretarako, Egiluzeko komentutik Dolores Salis kalera bitarteko tarteari dagokio mahai gaineratu duten bigarren fase hori. Guztira hiru fase izango direla zehaztu dute, horietatik bakarra egikaritu da oraingoz.

Beraz, bigarren fasean dabiltza buru-belarri eta lehen azterlanen arabera, udalak planteatzen duen alternatiba eraikitzea “errazagoa” da, eta “hobeto egokitzen zaio ingurumenari”. Trazadura horrek gutxiago eragingo diola hiri bideari diote, “trafiko gutxiago sortuko duelako”. Hots, hobe bereiziko dira hiri barneko trafikoa eta hirigunetik pasatzen ari direnena.

Udalak proposatutako trazadurak operazioaren guztizko kostua, alegia, bigarren eta hirugarren faseena murriztuko luke. Hasiera batean 33 milioi euroko aurrekontua aurreikusi zuten eta 24,2 milioi eurotara gutxituko litzateke. Bestalde, trazatuaren behin betiko diseinua erabakitzen dutenean, Plan Orokorra aldatu beharko dela azaldu dute.

Obren lehen faseak 7.048.544,04 euroko aurrekontua izan zuen, eta horietatik 6 milioi Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatu zituen. Horrez gain, Txenperenea eta Euskal Herria hiribidea batzeko aurrekontua 1.167.151,77 eurokoa izan da eta udalaren funtsekin finantzatu da guztiz.

Gaurko aurkezpenean Cristina Laborda eta Miguel Angel Paez.

No hay comentarios: