miércoles, 6 de marzo de 2024

Bizikidetzaren eta Segurtasunaren Aldeko Ituna berritu dute

Noticia publicada en Bidasoko Hitza ,el miércoles día 6 de Marzo de 2024.

Bizikidetzaren eta Segurtasunaren Aldeko Ituna berritu dute

Bigarren Ituna hau, alderdi guztien adostasunarekin sinatu dute. Itunaren lerro nagusiak aurreko agintaldiko berberak dira.

Segurtasunaren eta Bizikidetzaren Aldeko Ituna berritu dutela iragarri dute gaur, udalbatza ordezkatzen duten alderdi guztiek adostasuna lortu ondoren. Bertan izan dira, Cristina Laborda alkatea, Xabier Iridoi EAJko bozeramailea, Oihana Briones EH Bilduko bozeramailea, Thania Pazos Elkarrekin-Podemos-eko bozeramailea eta Iñigo Manrique PPko bozeramailea.

Aurreko agintaldian sinatu zuten lehen aldiz ituna eta Labordak gogoratu du “eztabaida politikotik at eta batasunean” landu zela. Herritarrei, kezkatzen dien gaia denaren mezua ematea dada alkatearentzat garrantzitsuena, eta horren erakusle “batasun politikoa” dela dio.

Itunaren agintaldi honetako helburua “ituna berrestea” izan dela azaldu du Labordak “orain ere bat baikatoz hiriek segurtasun, askatasun eta ongizate espazioak izan behar dutela”. Itunaren lerro nagusiak aurreko agintaldiko berberak direla adierazi du eta nabarmendu egin du ituna ez dela inorena, eta aldi berean, denena dela. “Garrantzitsuena eta bilatu duguna izan da norberak bere planteamendutik eta hiriari buruz daukagun ikuspegi ezberdina aintzat hartuta ituna garatzea”.

Sei hilean behin, jarraipena egiteko saio bat egingo dute, Bozeramaileen Batzordearen bidez, Udaltzaingoko eta Bizikidetzako ordezkariaren parte hartzearekin.

Ituna

Bizikidetza eta herritarren segurtasuna, “kohesio sozialerako elementu” gisa ulertu dute ituna sinatu dutenek. “Bat gatoz hiria garatzeko politika oro egituratu behar duen ardatza pertsonak eta bizitza osoa garatzeko duten eskubidea direla, baita haien segurtasuna ere”. Bide horretan, hiru elementurekin osatu dute hiriko kohesio soziala garatzeko esparruak.

Batetik, “prebentzioan oinarrituz errespetuzko bizikidetza lortu nahiak”; bigarrenik, “legez kontrako ekintzak desagerrarazi nahiak, eskubide eta askatasunak murrizten baitituzte eta hiriaren garapenaren kontrako oztopo larriak baitira”; azkenik, “herritarrek nahi bezainbat parte hartu ahal izateak”. Printzipio horietan oinarritutako bizikidetza eta segurtasuna nahi dutela azaldu dute.

Hiru printzipio horietan oinarritutako “bizikidetza eta segurtasuna” lortzeko, zortzi oinarri ezarri dituzte. Hona hemen hitzez hitz:

  • Kohesio soziala bultzatzea segurtasun faktore den aldetik.
  • Zaurgarritasun baldintzetan dauden herritarrak babestea; bereziki, adingabeak, gazteak, emakumeak eta adinekoak.
  • Bizi kalitatea hobetzeko eta gizarteratzea sustatzeko programa sozialak ezartzea.
  • Segurtasunaren esparruko prebentzio estrategia integralak garatzea, herritarren arteko bizikidetza mantentzeko.
  • Segurtasunaren eta bizikidetzaren aldeko kultura garatzea eta hirian inplikatutako eragile guztien erantzunkidetasuna eta parte hartzea areagotzea.
  • Hiriko erakundeen eskumenak eta justizia aplikatzeko sistema sendotzea.
  • Segurtasun gaiei buruzko informazioaren gardentasuna bermatzea eta herritarrek hura eskuratu ahal izan dezaten ziurtatzea.
  • Udal arloek zeharkako lana egitea gatazkak prebenitu eta konpontzeko politikak ezartzeko.

Poliziaren lanetik haratago doazen “politika transbertsalak” sustatzeko konpromisoa hartu dute eta lehentasun gisa ezarri dute prebentzioan oinarritutako segurtasun politikak, “gertakariei aurrea hartuta eta prebentzioaren bidez Poliziaren esku hartzea txikitzeko”. 

Itunaren helburu nagusiak betetzeko hiriko bizikidetza eta segurtasuna hobetzeko, ahalegin nagusia hainbat kolektiborekin egin behar dela diote: kolektibo zaurgarriekin, auzoak eta bizi kalitatearekin, eta tokiko merkataritzarekin.

Udaltzaingoa

Udaltzaingoa Irungo bizikidetza eta segurtasuna hobetzeko “baliabide nagusitzat” jo dute eta gertutasunean eta ikuskera komunitarioan” oinarritutako polizia ereduaren alde” daudela adierazi dute itunean.

Udaltzaingoaren lanaren fokua delituen prebentzioan jarri behar dela diote, “pertsonak eta komunitatea erdigunean jarrita seguritate politikak eta lehentasunak ezartzerakoan”. Babesten duten eredu honek poliziaren eta herritarren arteko “elkarrekiko harremanean” oinarritu behar dela uste dute eta haien arteko “etengabeko” elkarrizketan, “poliziaren lana hobetzeko eta herritarrentzat lehentasunezkoak diren arazoak haien parte hartzearekin konpon daitezen bultzatzeko”.

Prebentzioa funtsezkoa delakoan, poliziaren lanaren xedea aldatu beharra dagoela azaldu dute: “lehen, Poliziak legea betearazi behar zuen, eta legea urratzen dutenengan jartzen zen arreta; orain, berriz, Poliziak herritarren segurtasuna bermatu behar du, arreta gizarte osoan jarriz. Horrela, prebentzioa, bitartekaritza eta gizarteratzearen sustapena funtsezkoak izango dira”.

Udaltzaingoaren berrantolaketa estrukturalari ekingo diote, “auzoko edo gertuko polizia ereduak” planteatzen dituen beharretara egokitzeko asmoz. Gainera, beharrezkoa ikusiz gero, biztanleko polizia kopurua handitze mahai gainean dute.

Itunaren ibilbide horri bat ere publiko egin nahi dute urte batean, martxan jartzeko beharrezkoak diren plan, protokolo eta prozeduren eta beharrezkoak diren gainontzeko ekintzen helburuak, epeak, xedapenak eta ezarpena zehazteko. Urte anitzeko prestakuntza plan bat prestatuko dute ere, “gertuko polizia ereduan parte hartzen duen plantilla osoarentzat”.

Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren kaleko presentzia “hobetu” egingo da, auzoetan giza baliabide eta baliabide material gehiago jarriz, “delituei buruz biltzen diren datuen arabera betiere” zehaztu dute.

Ertzaintzarekin esparru akordio berri bat egingo dute, eta hiriko segurtasun kidego guztiekin ahal bezainbat koordinatuko dira.

Hirian segurtasunik ez dagoen puntuen mapa eta berariazko jarduera programak eguneratuko dituzte, lehentasunezko gisa izendatutako eremuetan esku hartzeko plan bat diseinatuko dute ere.

Neurri orokorrak

Zehaztu ez dituzten auzo jakin batzuetan eraldaketa txikiak egiteko plan bat diseinatuko dutela aurreratu dute, “eremu batzuen diseinua, itxura eta argiztapena hobetzeko, puntu beltzak identifikatuz eta haiei helduz”.

Auzoetako kultura plan bat ere martxan jartzea dute asmo, ohikoak ez diren inguruetara iritsiko diren jarduerez osatutako eta ohiko jardueren ibilbideetan leku berriak sartuz.

Udal alderdien adierazpenak

Miguel Angel Paez (PSE-EE): Gaur erakusten ari garen irudi honek asko balio, hitzek baino gehiago. Lehen aldian zaila izan zen ituna martxan jartzea. Ituna berresteak garrantzia handiagoa duela uste du, erakutsi dugulako betetzen joan garela itunaren oinarrizko ildoak. Arduraz beteta gaude, aurrera egiteko eta markatu ditugun ildo horiek betetzeko. Itunetik denak batuago eta indartsuago atera behar gara konfiantza sortzeko herritarren artean gure ekintzengatik. Izan ere, hartuko ditugun neurriak ez dira udal gobernuarenak soilik izango, erakundeen arteko elkarlana eta polizien kooperazioa beharrezkoa da. Beste alde batetik, baloreak dituen eta integratzailea den Irunen alde egiten dugu, hiri plural eta dibertsoa dena, hori baita bizikidetza. Guk horren alde egiten dugu, segurtasun neurriek ezin dute alde batera utzi bizikidetzarako hartzen diren neurriak. Bi elementu horiek oinarrizkoak dira guk nahi dugun hiria eraikitzeko, orain eta etorkizunean. Konfiantza hori eta segurtasuna sortzea dira benetako erronkak. Batasun honek irautea nahi nuke.

Xabier Iridoi (EAJ): Pozik gaude gaur sinatuko dugun itun honekin eta eskerrak eman nahi dizkiogu Sergio Javierri erraztu egin duelako lortu dugun ituna sinatzea. Egia da urte batzuk daramatzagula gai honen buelta. 2019an mahai gainean jarri genuen eta proposatu genuen hiri ituna egitea, segurtasuna eta bizikidetzaren alde lan egiteko denen artean. Adostasuna lortu genuen. Gaur konbentzituta nago denon indarra beharko dela Irungo segurtasuna bermatzeko eta hobetzeko. Ituna berritzea aurrerapauso bat dela uste dugu. Gertuko polizia ereduaren alde egiten dugu eta garrantzitsua da guretzat ere modelo hori herritarren parte hartzearekin garatzea. Herritarren parte hartzea elkarte ehunari batu behar zaio ekarpenak egin ditzaten haiei zuzenean eragiten dien kontuetan. Bestalde, Udaltzaingoaren plantillaren haztea adostu genuen udal aurrekontuetan eta itun honetan ez da ageri, Giza Baliabideen 2023-2027 Itunean jasoko delako. Azkenik, segurtasuna da eta izango da pieza gako bat da Irunen etorkizuneko erronketarako.

Oihana Briones (EH Bildu):  Balioan jarri nahi dugu ituna sinatzeko udal talde guztiek egindako esfortzua, Sergio Javierrek egindako esfortzua ere bai. Uste dugu gai zaila dela eta batasunera iristea zaila dela eta lortu dugu berriro ere. EH Bildurentzat erronka hurrengo pausua da, zein neurri hartuko diren eta zelako garapena izango duen planak Irungo segurtasuna eta bizikidetza hobetzeko. Segurtasunaren pertzepzioa hobetzeko zein neurri hartuko diren da fokua eta hori guztia herritarren, elkarteen eta merkatarien eskutik egin behar dela uste dugu. Bilera bat egin genuen eta mahai horrek garapena behar duelakoan gara eta EH Bilduk horretan jarriko du energia, neurri horiek har daitezen, Irunen etorkizuna hobea izan dadin.

Thania Pazos (Elkarrekin-Podemos): Uste genuen itunak, orain arte zegoen bezala, ez zuela inolako konpromisorik hartzen herritarren kezka nagusia hobetzeko, eta zentzu horretan, Sergio Javier Udaltzaingoko ordezkariari eskerrak eman nahi dizkiot aurretik jarrera irekia izan duelako udal talde guztien proposamenekin, eta horregatik ahal izan dugu denok ituna sinatu. Guretzat ere gutxiengoen ituna da sinatu duguna, harriak jartzen hasteko ituna da, lanean has gaitezen. Aurrerago iritsiko den plan estrategikoarekin osatu egingo dugu ituna. Pozten gaitu paradigma aldatzen dela esateak, ez baitzegoen zantzurik itunak funtzionatzen zuela esateko. Orain, segurtasuna prebentzioan eta zeharkakotasunean ulertzen da, aurreko itunarekin alderatuta beste urrats bat emanez.

Iñigo Manrique (PP): Ez da inoren paktua eta denen paktua da aldi berean. Ez gaitu ehuneko ehunean asetzen sinatu dugun inori, baina hori da itunaren bertutea eta hori da gizarteari helarazi nahi diogun mezua: denon kontua da segurtasuna eta bizikidetza. Itunaren espiritua hori delako sinatu dugu. 

No hay comentarios: