Aurten ere Euskal Jira antolatuko dutela baieztatu du batzordeak
Egoera ekonomikoari aurre egitea lortu dute, baina hurrengo edizioak antolatzea ez dagoela bermatuta ohartarazi dute.
Euskal Jiraren batzordeak arazo ekonomikoak gainditzea lortu dutela jakinarazi du gaur. Hartara, abuztuan Euskal Jira egingo dela baieztatu dute “egitarau mamitsu eta erakargarriarekin”.
Batzordeak adierazi du “zaila” izan dela beharrezko finantzaketa lortzeko “legezko prozedura” bilatzea. Egoera horrek luzatu egin duela aurtengo edizioaren prestaketen hasiera deitoratu dute. “Hain zuzen ere, oztopo legal horiek jartzen dute arriskuan Euskal Jiraren hurrengo edizioak ospatzea”.
Pasa berri duten egoera ekonomiko zaila kari, diru iturri berriak bilatu eta jaiaren bideragarritasun ekonomikoa bermatu behar dituztela jakitun direla azaldu dute ere. Dena den, udalari begira jarri dira: “Udalak ez badu mekanismorik bilatzen, nolabait, txosnan diru sarrera faltagatik gerta daitezkeen galera ekonomikoez arduratzeko, ezin du ziurtatu hori egiten jarraituko duenik hurrengo edizioetan”.
Euskal Jira kultura ondarea da eta batzordeak uste du etorkizun ekonomikoaren erantzule bakarrak ezin direla haiek izan. Ondorengo galderak mahai gaineratu dizkiote udal gobernuari, Euskal Jira bermatuta ez dagoela uste baitute: “Zer gertatuko litzateke Euskal Jira egunean eguraldi txarra berriro izango bagenu eta txosnan diru sarrerarik ez balego? Zer gertatuko litzateke zulo ekonomikoa askoz handiagoa balitz? Batzordeko boluntarioak izango lirateke sortutako zor ekonomikoen erantzule bakarrak? Gure poltsikotik dirua jartzen jarraitu beharko dugu zorrei aurre egiteko?”.
Azken 20 edota 25 urteetan, gutxienez bi aldiz, Euskal Jirak aurtengoak baino arazo ekonomiko handiagoak izan dituela oroitu dute eta bi aldi horietan udalak diru laguntza eman zien. Izan ere, udalarentzat Euskal Jira ondare kulturala da. “Aurrera egiteko behar zuen estaldura ekonomikoa eman zion, baina, oraingo honetan, tamalez, hori ez da horrela gertatu; bere garaian egin ahal izan zena, orain ez omen da zilegi”.
Batzordeak dio “baikorrak” izan nahi dutela, eta udalaren laguntzarekin Euskal Jiraren etorkizuna ziurtatzeko formula aurkituko dutela ziur dira. “Eta, hemendik aurrera, munduko gogo eta ilusio guztiarekin antolatuko dugu aurtengo Euskal Jiraren etorkizuna ziurtatzeko formula aurkituko dugula pentsatu nahi dugu”.
Euskal Jiraren batzordeak eskerrak eman dizkie arazo ekonomikoaren berri emandakoak jasotako babes adierazpen guztiengatik. “Asko izan dira gurekin harremanetan jarri diren pertsonak, elkarteak, komunikabideak, guri ahotsa emateko, egoeraren berri emateko, konponbideak bilatzeko, batzordean parte hartzeko eskaintza egiteko, eta edozein modutan animatzeko”.
Esker bereziak eman dizkiete Foro Irun XXI-i, Herritarren foroari eta Maltzeta trikitilari taldeari, diru sarrera berriak lortzeko balio izan duten jarduerak eta ekarpenak egiten eta antolatzen partu hartu dutelako.
No hay comentarios:
Publicar un comentario